Saltar a contenido

Eduardo Garcia Langarica: ‘Pobrezia eta desberdintasun soziala munduko osasun txarraren jatorri dira’

Eduardo Garcia Langarikak hiru hamarkada daramatza Araba ESIko Aguraingo osasun-zentroan familiako mediku moduan. 90. hamarkadaren hasieran, aldaketa sozialarekin duen konpromisoak bere jarduera profesionala Arabako medicusmundi elkartearekin uztartzera eraman zuen.

Bere inplikazioa bai elkartearekin baita beste hainbat garapenerako laguntza foroetan ere urteen poderioz handituz joan da, Espainiako medicusmundi elkarteen Federazioko lehendakaritzara iritsi arte; 2016an haren izenean hitz egin zuen OMEren batzar orokorraren aurrean.

Artikulu honetan Eduardok bere ibilbide profesionalaren eta arabako ONGDeko eskarmentuaren berri ematen digu, abenduan bere 50. urteurrena ospatuko duena.

Galdetzen didatenean zergatik nagoen medicusmundi eta ez beste edozein erakunde ezagunago betean, handiago batean edo gehiago den zerbaitetan, burura datorkidan lehendabiziko arrazoia da “kasualitatez”. Izan ere, bizitzan gertatu zaizkidan gauza garrantzitsuenak kasualitatez suertatu zaizkit.

Horren adibide da nire ibilbide profesionala. 1980 geroztik Aguraingo mediku naiz, Arabako herri honetara hilabete batzuetarako bitarteko funtzionario moduan iritsi nintzen, baina, hurrengo urtean EAPko (Etxeko Asistentzia Publikoa) mediku izateko azken oposaketen deialdia egin zen, atera egin nituen, eta harrezkeroztik hemen nago, 37 urte geroago. Ez dut esango ikasketak Bilbon bukatzean nire lehendabiziko aukera izango zenik, baina atzera begiratuz gero, ez nuke ezerengatik aldatuko, 80.hamarkada hartan herrietako medikuok eguneko 24 ordutan, eta urteko 365 egunetan mediku izan arren.

90.hamarkadako lehendabiziko urte haietan, aldaketa sozialarekin nuen konpromisoak eraman ninduen Arabako medicusmundi parte hartzera. Aurkitu nuena erakunde profesional bat izan zen, eta ez guztiak profesional sanitarioak zirelako, ez baitziren guztiak, gehiengo handi bat ez zen profesional sanitarioa, baizik eta, lan egiteko moduagatik.

Garai hartan nik ez nuen kooperazioaren inguruko ideiarik, baina medicusmundi arituz, bere baitan zuten esperientziaz aberasteko aukera izan nuen, baita barneko zein kanpoko eztabaidetan parte hartzekoa ere, Euskadiko ONGDen koordinakundean ere bai, eta Euskadiko Kooperazioko lehen kontseiluko partaide ere izan nintzen. Sasoi hartan, gainera, Espainiako medicusmundi elkarteen Federazioko (EMMEF) formazioan ere parte hartu nuen.

Esperientzia hauek guztiek eraman naute desberdintasun sozial eta pobreziaren arrazoiei buruzko ikuspegi pertsonal eta kritikoa izatera, eta biak munduko osasun txarraren jatorri direla ikustera. Bien sorreran eta iraupenean egungo garapen eredua legoke,munduko aldaketa klimatikoarekin batera.

Eta azpimarratu nahi dut “eraman naute”. Dena den, medicusmumdi eta ONGD gehienetan orokortzen den ikuspegia da; berresten dugu orban honekin bukatzeko soilik borondate politikoa falta dela, izan ere, nahikoa baliabide badaude, are gehiago, esango genuke soberan ditugu.

Uste sendo hauek nire konpromisoa handitzera eraman naute eta gero eta ardura gehiago onartzera, honela, EMMEFko lehendakaritza hartu arte. Honi guztiari esker, hainbat errekonozimendu pertsonal jaso ditut, besteak beste, ICOMAko mediku solidario izatea 2012an, edo 2016an Araba ESIko baloreen erreferente moduan aipatua izatea; errekonozimendu hauek guztiak, ezin da beste modu batera izan, niretzat guztiz pozgarriak izan dira.

Dena den, azpimarratu nahi dut niretzat pozgarriena OMEko Batzar orokorrera zuzentzeko aukera izan nuen unea izan zela, neu, herriko mediku xumea, EMMEFen izenean Sasakawa saria jasotzerakoan. Sari hau aitortu zitzaigun Lehen Mailako Osasun Arretan egindako lanagatik, Peru, Bolivia, El Salvadorren eta Guatemalan garatutako osasun eredu integratzaileagatik. Hala EMMEF bihurtu zen OMEko sari bat jasotzen zuen lehendabiziko espainiar ONGD. Ekitaldi horretan Sir Michel Marmott ezagutzeak, osasun determinatzaile sozialen munduko erreferenteak, suposatu zuen une hori izatea nire bizitzako unerik garrantzitsuenetako bat. “Zergatik medicusmundi?” galderarik erantzun nahirik, esan behar dut, egun medicusmundi dela garapen ONGDen artean niretzat uste sendoak diren baloreak hobekien irudikatzen dituen elkartea: Zerbitzu Publiko bidezko Lehen Mailako arretan oinarritutako Osasun Eskubide Unibertsalen defentsa, eta hau errealitate bihurtzen du kalteberak diren herriekin kooperatuaz, berdinetik berdinera, eta desberdintasunaren eta pobreziaren jatorria bertatik bertara borrokatuz.

EMMEFko lehendakari izendatu nindutenean, esan nuen, guztiok dugula egokitu zaigun garaiarekiko erantzukizun eta konpromiso bat betetzeko, are gehiago, gehitu nahiko nuke baita mundu honetara jaiotzear dauden etorkizuneko belaunaldiekin ere. Nire kasuan konpromiso eta erantzukizun hori azaleratu dira medicusmundirekin egin dudan lanean eta nola ez, Aguraingo eguneroko lanean profesional ona izaten saiatuz.

Aukera hau probestu nahi dut zuok gonbidatzeko zuon kabuz konproba dezazuen, bazkide moduan, boluntario moduan, edozein arrazoi delarik ere, gustuko duzuen proiektu zehatzen batean dohaintza eginez, medicusmundi edo zuon planteamenduetara gehien hurbiltzen den edota egokien deritzozuen elkarteren batean.

Guztia da beharrezkoa gure lana egiten jarraitzeko.

Eduardo Garcia Langarica. Araba ESIko Agurain osasun-zentroko familiako medikua.