Hiru saskiren zozketa Gasteizko Bidezko Merkataritzaren Ibilbidean
Asteartea,21 azaroa 2017Zeroz biderkatu kanpainak Bidezko Merkataritzaren Ibilbidea aurkeztu du. Gasteizko 14 saltokik bat egin dute ekimen horrekin eta, orain, bidezko merkataritzaren alde egiteak saria izango du. Izan ere, establezimenduotako edozeinetan bidezko merkataritzako produktuak erosten dituztenek txartel bat jasoko dute trukean, zigilu batekin. Hala, erosleak, abenduaren 16a baino lehenago bi lokalen zigilua lortuz gero, produktuz betetako hiru saskiren zozketan sartuko dira. Parte hartzeko, nahikoa izango da saltoki bakoitzean jarriko den kutxan bi zigiluak eta harremanetarako datuak sartzea. Zozketa abenduaren 21ean egingo da.
Zeroz biderkatu kanpainak hirugarren urtea du aurtengoa, eta helburu du bidezko merkataritzako produktuak saltzen dituzten dendak agerian jartzea, alde batetik, eta horrelako produktuak kontsumitzeak gizarteari eta ingurumenari dakarzkion onurak erakustea, bestetik. Tokiko eta auzoko saltokiak funtsezkoak dira bidezko merkataritzako produktuak ikusgai egiteko eta produktu horien salmentak handitzeko.
Egitasmoarekin bat egin duten lokalak erraz identifikatu ahal izango dira; izan ere, kolore horiko eranskailu biribil bat izango dute erakusleihoetan edo sarrerako atean itsatsia, lelo honekin: Zeroz biderkatu: desparekotasuna, haurren esplotazioa, bidegabekeria eta ingurumenaren esplotazioa.
Gasteizko Bidezko Merkataritzaren Partzuergoak sustatzen du kontsumo arduratsuaren kanpaina hau (Arabako Medicus Mundi, Bide Bidean, Oxfam Intermón eta SETEM Hego Haizea GGKEek osatzen dute partzuergoa), eta Udalak ere babesa ematen du