"Bidezko merkataritza gara, eta zu?” lelopean bat egingo du Gasteizen datorren maiatzaren 11n ospatuko den Bidezko Merkataritzaren Mundu Egunarekin
Osteguna, 9 maiatza 2019Gasteizek Bidezko Merkataritzaren Mundu Egunarekin bat egingo du datorren ostegunean, maiatzak 11, “Bidezko merkataritza gara, eta zu?” lelopean. Jarduera-programa zabala prestatu dute Setem, Bide Bidean, medicusmundi Araba, Manos Unidas, Serso eta SalburuKoLore elkarteek, Gasteizko udalaren babesarekin. Jardunaldi honen bidez Bidezko Merkataritzako elkarteek munduko pobrezia eta desparekotasunen aurka borrokan diharduen nazioarteko mugimendu honetara batzeko deia egin nahi diete herritarrei, bestelako printzipioetan oinarritutako merkataritza ereduaren alde, non lan-baldintza duinak bermatzea, emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasuna ziurtatzea, haurren esplotazioa baztertzea eta ingurumena babestea diren ardatz nagusiak.
Beste urte batez, bidezko merkataritzako pintxo-ibilbide tradizionalaz gozatzeko aukera izango da Gasteizen. Horretan, 14 establezimenduk hartuko dute parte Akelarre Txarangaren kalejirak lagunduta, eta eguerdiko 12:30etatik arratsaldeko 16:30etara bitartean garatuko da. Gainera, bidezko merkataritzako pintxoak dastatzera animatzen direnek produktu-saski baten zozketan parte hartu ahalko dute.
Arratsaldean, 19:00etatik 21:00etara, Falerina Tabernan jarraituko du ospakizunak, Machines eta Txaokari taldeek emango duten kontzertu bikoitzarekin. Bidezko merkataritzako produktu-saskiaren zozketa hor bertan egingo da 19:45ean. Gainera, egun osoan zehar informazioa emateko eta bidezko merkataritzako produktuak saltzeko postu bat egongo da.
Igandean, maiatzak 12, ospakizuna Salburura mugituko da, “Salburuko Alternatibaren Azoka” antolatu baitute bertan 11:00etatik 15:00etara. Azoka horretan, bidezko merkataritzako produktuak erosteko aukera izatez gain, hitzaldiak entzun, dantza afrikarrez gozatu eta lantegietan parte hartu ahalko dute gasteiztarrek. San Mateo parrokian ere bidezko merkataritzako produktuak izango dituzte salgai egun horretan.
Gasteiz ospakizun horretara batzea erabaki duen udalerri bakarra. Larunbatean, maiatzak 11, Alegria-Dulantzin bidezko merkataritzako produktuak saltzeko gunea antolatuko dute; Araian maiatzaren 19an egingo dute, eta Laudion, maiatzaren 26an (igandea). Azken horretan, gainera, haurrentzako lantegiak eta jarduerak egingo dira, esaterako, txapa-lantegi bat.
Egun osoan zehar herritarrei sare sozialetako #bidezkomerkataritzagara kanpainan parte hartzeko gonbita luzatuko zaie, hala, mugimendu honekin bat egin eta mundu bidezkoago baten aldeko konpromisoa erakuts dezaten.
Bidezko Merkataritza desparekotasunak murrizteko
Egun, Nazio Batuen Erakundearen arabera, 783 milioi pertsona bizi dira pobrezan; hau da, egunean 1,90 dolar baino gutxiagorekin. Nahiz eta zifra hori murriztu egin den azken urteetan, desparekotasunek gora egin dute. Aldi horretan, biztanleriaren % 1 aberatsenak % 50 txiroenek adina diru-sarrera eskuratu zuten. Bestalde, kontuan hartzekoa da baldintza duinak ez baditu, enpleguak ez du pobrezia gainditzea bermatzen; izan ere, Nazioarteko Lan Erakundeak dioenez, mundu osoan langile-klasearen ia herena pobrezia-baldintzetan bizi da, oinarrizko beharrak ase ezinik. Eta emakumeentzat latzagoa da egoera, munduko batez bestekoak erakusten baitu emakumeek gizonek baino % 23 gutxiago irabazten dutela. Azkenik, garrantzitsua da azpimarratzea klima-aldaketak bereziki eragiten diela komunitate pobretuenei. 2.600 milioi pertsonaren ogibide eta sostengu nagusi da nekazaritza, eta azken urteetan, jarduera horretarako baliatzen diren lurren erdiek baino gehiagok lurzoru-degradazioa jasan dute.
Horren aurrean, Bidezko Merkataritzak bestelako eredu ekonomiko eta komertzial baten beharra mahaigaineratzen du, pertsonak eta ingurumena erdian jarriko dituena interes ekonomikoen ordez. Hala, Bidezko Merkataritzak honako printzipio hauek ditu ardatz: ekoizleei lan-baldintza duinak eta seguruak bermatzea, soldata egokiak ordaintzea, egiteko berberagatik gizonek eta emakumeek soldata bera jasotzea, haurren esplotaziorik ez baliatzea eta natur ingurumena errespetatzen duten teknika eta prozeduren bidez ekoiztea. Horrela, Nazio Batuen Erakundeak onartu zituen eta 2030erako bete beharko liratekeen Mundu Helburuak (Garapen iraunkorreko helburuak) lortzeko bidean laguntzen du Bidezko merkataritzak.
Bidezko Merkataritzako nazioarteko sareak Afrikako, Asiako, Latinoamerikako eta Karibeko 75 herrialdetan zehar banatuta dauden 2.000 ekoizpen-erakunde hartzen ditu, eta 2 milioi lagunek egiten dute lan horietan. Horietatik, lautik hiruk elikagaien eta lehengaien ekoizpenean dihardute; kotoiaren laborean, esaterako. Aldiz, ehungintzan eta eskulangintzan dabiltzan 250 erakunde daude Bidezko Merkataritzaren Munduko Erakundearen esanetan.
Espainiar estatuan 150 denda eta saltoki espezializatu daude eta horietatik 3 Gasteizen, Bidezko Merkataritzaren Estatuko Koordinakundearen kudeaketapean. 2017an fakturazioa 43 milioi eurora ailegatu zen; hots, % 8 egin zuen gora aurreko urtearekin alderatuta, eta elikagaiek, batez ere, kafeak, azukreak eta kakaoak eusten die salduenen postuei. Salmentek gora egin duten arren, oraindik ere Espainiar estatua azkenetakoa da Europako herrialdeen artean.
Gasteizko konpromisoa
Gasteizen, Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna SETEM, Bide Bidean, Medicusmundi Araba, Manos Unidas, Serso eta SalburuKoLore erakundeek antolatzen dute, eta Gasteizko Udalaren finantzaketa jasotzen dute horretarako; izan ere, Udalak bidezko merkataritza sustatzeko babesa ematen du urtero plan operatibo baten bidez hezurmamitzen den lankidetza-hitzarmena adostuta.
Gasteizko Udalak aurreikusten du 2019rako 32.000 eurokoa izango dela Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren bidez egingo duen udal ekarpena; hots, aurreko urteetan adinakoa. Aurki onartuko du Tokiko Gobernu Batzarrak ekarpen hori.