TTIP eta osasunaren pribatizazioa
Osteguna, 7 apirila 2016TTIP benetako mehatxu izan daiteke osasunerako eta gaur egun lortuak ditugun osasun-sistemetarako.Gaur egun ezagutzen dugun Osasun Sistema Nazionala (OSN), bere arazo guztiekin, nazioarte mailan munduko onenetako eta eraginkorrenetako bat bezala ikusia dago.Espainiako Estatuan Osakidetzak ospe eta estimu handia du alde horretatik.Adituek diotenez, “osasun-sistema unibertsalek –jabetza eta kudeaketa publikoarekin eta Lehen Mailako Arretan oinarriturik– eskaintzen dituzte emaitzarik onenak osasungintzan, eta halaber, eraginkorrenak, orekatuenak eta gizatiarrenak dira”.
EBaren eta AEBen arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Itun Transatlantikoa (TTIP) 2013ko uztailaz geroztik negoziazio-prozesu batean murgilduta dago, eta munduko “merkatu librerik” handiena ezarri nahi du bi bloke ekonomiko horien artean, balizko 800 milioi kontsumitzailerekin baino gehiagorekin, eta hala, zerga-mugak ezabatu eta gizarte, lan edo ingurumen alorreko Europako babes-lege zorrotzagoak eta gizarte-eduki handiagokoak berdindu nahi ditu (beherantz), AEBen eta EBaren arteko “merkataritza askearentzat oztopo” izan daitezkeelako. Sekretismo osoz eta gardentasunik gabe eztabaidatzen eta negoziatzen ari diren punturik gatazkatsuenetako batzuk hauek dira: EBean produktu transgenikoak sartu ahal izatea, frackingaren hedapena, lan-eskubideen erregulazioa edo osasun-sektorean izango dituen eraginak. Itun hori sinatzeak osasun-zerbitzuekin loturik izan ditzakeen arriskuei dagokienez, adierazi beharra dago korporazio multinazional handien partetik merkataritza eta inbertsioa liberalizatuz gero erraztu egingo litzatekeela Estatu Batuetako aseguru-enpresa pribatuak Europar Batasuneko herrialdeetan ezartzea, eta era horretan, azken urte hauetan Espainiako estatuan, baina batez ere Madril, Valentzia, Katalunia eta Galiziako autonomia-erkidegoetan abian jarritako pribatizazio-ildoari jarraipena emango litzaioke.
Europako Osasun Sistema Publikoak merkatu ireki bihurtuko lirateke E statu Batuetako enpresek bertan parte hartzeko.Enpresa transnazionalek, ekimen honen bitartez, hozka egin nahi diote Europako herrialdeetako “osasungintza publikoaren pastelari”, beste sektore batzuetan negozioa egiteko zailtasunak dituzten garai hauetan etekin handiak erdiesteko. Neoliberalismoarentzat merkantzia bat gehiago dira osasuna, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuak, eta hala, sektore horien kudeaketa publikoarekin amaitu nahi du horiek pribatizatuz, eta horretarako, kudeaketa pribatuaren eraginkortasun handiagoa bezalako argudio faltsuak erabiltzen ditu. Industria farmazeutikoaren lobbya munduko boteretsuenetako bat da eta interes handia du TTIP onetsi dadin, bere irabaziak areagotzeko aukera emango liokeelako osasun-sistema publikoen iraunkortasuna arriskuan jarri arren, eta bestela ere, gaur egun zailtasun handiei aurre egin behar izaten diete patentatutako botiken kostua ordaintzeko.Izan ere, farmazian egiten den gastua OSNaren arazo kezkagarrienetako bat da:botiketan egiten dugun gastua EBekoa baino ia bi aldiz handiagoa da. Industria farmazeutikoa etekin handienak lortzen dituen industrietako bat da bai AEBetan eta bai Europan ere, eta Nazio Batuen arabera, munduko hirugarren sektore ekonomikoa da, arma-salerosketaren eta narkotrafikoaren atzetik.TTIP horrek are gehiago indartuko luke industria farmazeutiko boteretsuaren posizioa, eta beraz, bere interesen aldeko neurriak ezarri ahal izango lituzke:botiken patenteak luzatu, merkatuan generikoen sarrera atzeratu, patenteetarako betebeharrak murriztu, botikak eta osasungintza-teknologia ebaluatzeko Estatuetako agentziak kontrolatu, prezioen politikak finkatzen dituzten Estatuetako erakundeetan eragin handiagoa erdietsi, botika berrien entsegu klinikoen kontrolaz jabetu, eta abar.
Era horretan, herritarrei zaildu egingo litzaieke botikak eskuratzea, bereziki krisi-garaian; areagotu egingo litzateke sistemaren zentzugabekeria eta herritarren osasunari eragingo lioke horrek, morbimortalitatea handituko litzatekeelako. Osasun-sektoreko eta farmazia-sektoreko enpresak izan dira TTIP idatzi den bitartean presiorik handiena egin dutenetako batzuk.Multinazionalek TTIParen garapenean izan duten berebiziko garrantziaren adibide modura adierazi beharra dago Europako Batzordeak negoziazioak prestatzeko egindako bileretatik % 92 enpresa-lobby pribatuekin izan direla, eta % 4 bakarrik interes publikoaren defentsarako taldeekin eta beste % 4 bat unibertsitateko eta administrazio publikoetako adituekin. Nahiz eta Europako Parlamentuak 2016. urtearen hasieran Europako Batzordeari (hura ari da TTIP negoziatzen) eskatu zion zerbitzu publiko sentikorrenak itun horretatik salbuesteko, hala nola osasungintza, Europako komisarioek, hots, demokratikoki hautatutako parlamentuen bizkar itun hori enpresa-lobbyekin bakar-bakarrik negoziatu duten Europako komisario horiek dute azken hitza, eta esan liteke ia ezinezkoa dela parlamentuaren gomendioa kontuan hartzea. Hori gutxi balitz bezala, Itunak ezinezko egingo luke pribatizazio-erabakietan edo multinazionalei irabaziak mugatzeko asmoetan atzera egitea, “inbertsiogileen eta estatuen arteko desadostasunak konpontzeko mekanismoa” (ISDS) deiturikoan oinarrituta, izaera pribatuko“nazioarteko arbitraje-epaimahai” baten arabera konponduko liratekeelako enpresen eta Estatuen arteko gatazkak, izan ere, beren negozioa murriztuko luketen patente, generiko edo prezio-kontrolei eragiten dieten erabakiengatik konpentsazio ekonomikoak erreklamatzen dituztenean esku hartuko bailuke, milioi askoko konpentsazioak eskatuz “lortu gabeko irabazietan” oinarrituta (halako negozio oparoetan jasoko ez luketen dirua).