50 urte Emakumeen Osasunerako Eskubidea sustatzen
Ostirala,27 maiatza 20161987tik, urtero, maiatzaren 28an, osasun-eskubidearen alde lan egiten duten herritarrek, erakunde publikoek eta antolakundeek, medicusmundi bizkaiak, besteak beste, Emakumeen Osasunaren aldeko ekintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen dute.
Izan ere, gaur egun, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME dira siglak) emandako datuen arabera —medicusmundi erakunde horren Erakunde Aholkularia da—, haurdunaldian, erditzean edo erditu ondoren hiltzen diren amen % 52 (egunero 800 emakume hiltzen dira) aurrez ikus daitezkeen arrazoiengatik hiltzen dira. Urtero, 270.000 emakume hiltzen dira umetokiko minbiziagatik, eta 15 eta 49 urte bitarteko 3 emakumeetatik 1ek indarkeria fisikoa edota sexuala jasaten du etxean bertan edo etxetik kanpo. Hortaz, merezi du birpasatzeak zer lan egin duen medicusmundi bizkaiak berrogeita hamar urteotan emakumeen osasuna hobetzeko: zer helburu lortzen lagundu dugun bazkideok eta lagundu diguten erakunde publiko eta pribatuek, eta zer erronka ditugun oraindik, antolakunde gisa, lortzeke. Hasiera-hasieratik, eta osasuneko lehen mailako arretarako sistemak indartuz, medicusmundi bizkaiak ondoko lehentasunezko helburu finkatu zuen: amen eta haurren hilkortasuna eta erikortasuna murriztea. Proiektuetan, emakumeek emakume izateagatik zituzten arazo jakinen arretari eman genion lehentasuna, eta batez ere ugalketa zikloarekin lotutako guztiaren inguruan oinarritzen ginen. Horri esker, adibidez, jaio aurreko arreta hobetu dugu, eta emakumeek osasun-arazoei aurrea hartzeko OMEk gomendatutako 4 bisita egin ditzaten sustatu dugu. Horrez gain, erditzean langile kualifikatuen laguntza izateko beharra azpimarratu dugu, bai osasun zentroetan bai ohiko emaginen lanari lagunduz, eta oso herrialde ezberdinetan politikari eta kulturari dagokionez, adibidez, Guatemalan, Hondurasen, Guinea Bissaun edo Chaden. “Osasuna garapenerako lankidetzan eta ekintza humanitarioan” txostenak, medicusmundik, Prosalusek eta Medicos del Mundok egindakoak, azpimarratzen du 5. Milurtekoaren Garapen Helburua (amen eta haurren osasuna hobetzeari buruzkoa) aurreikusitako mailetara iristetik urrun badago ere, amen hilkortasun tasa ia erdira murriztu dela 1990etik 2013ra. Datuek erakusten dute egindako lanak eragin ona eta itxaropentsua izan duela. Dena dela, beste zenbait datuk, nerabe haurdunen tasak, esaterako, arreta-eredu horrek zenbait ahultasun dituela erakusten du. Eta urtero, maiatzaren 28an, Osasunerako Eskubidea aldarrikatzen dugu, Emakumeen Giza Eskubide bat baita. Enfasi hori funtsezkoa da, argi gelditu baita emakumeen mendetasuna, betidanik esleituta izan dituzten rolak eta euren osasunaren inguruan erabakitzeko botererik ez izatea, batez ere sexualitatearen eta ugalketaren inguruan, ahulgarritasun faktoreak direla eta osasunean eragin negatiboa dutela. Giza Eskubideei buruz hitz egiteak esan nahi du emakumeak eta neskatilak protagonista bihurtu behar ditugula, botere publikoek osasuna bermatzearen alde egiten behar dutela eta gizartea, oro har, horren errespetuaren arduraduna dela. Nola bideratu da ikuspuntu aldaketa hori medicusmundi bizkaiak gauzatzen dituen proiektuetan? Alde batetik, Guatemalan, Hondurasen edo Kongoko Errepublika Demokratikoan osasun sistema publikoak, erakundeak eta gizarte zibila Sexu-eskubideen eta Ugalketa-eskubideen arloan sendotzearen alde eginez, genero-indarkerian eta nerabeen haurdunaldietan arreta berezia jarriz. Gainera, osasun ministerioetan lan egiten jarraitzeaz gain, emakumeen osasunaren alde egiten duten gizarte zibileko zenbait entitaterekin ere egiten dugu lan, eta eragin politikoko jarduera gehiago gauzatzen ditugu. Ruandan, lehen Elikadura Zentroak erabiltzen zituzten, eta egun 7 kooperatibatan lan egiten duten emakumeen jabekuntzarako prozesuaren alde egin dugu. Familien eta komunitateen elikadura estandarrak hobetzeaz gain, kooperatibetako kideek identifikatu eta erabaki dute, urteen buruan, zer osasun-arlo landu behar ziren. Halaber, jakin badakigunez osasunean eragin zuzena duela pertsonak zein egoeratan jaio, hazi, bizi eta zahartzen diren, aipatutako 4 herrialdeetan ingurumen-osasuneko proiektuak gauzatzen dira, eta Uraren eta Saneamenduaren Eskubidea aldezten dugu. Antzeko arazoak dituen mundu globalizatuan bizi garenez, Garapenerako Hezteko proiektuen bidez Osasunerako Eskubideen urraketa ere landu dugu. Aipamen berezia merezi du Indarkeria Sinbolikoaren inguruan egindako lanak. Azkenik, azpimarratu nahi dugu prozesu horien guztien arrakasta borondate eta konpromiso politikoaren menpe dagoela; emakumeen osasuna ziurtatuko dituzten legeak eta giza baliabide eta baliabide ekonomikoak beharrezkoak dira.