medicusmundi, Munduko Medikuak eta Prosalus erakundeek Lankidetzarako Euskal Legea betetzea eskatu dute eta zerga politikaren armonizazioa desgrabazio gaietan
Osteguna, 2 uztaila 2015Osasungintzan espezializaturiko GGKE Medicus Mundi, Munduko Medikuak eta Prosalus erakundeek berriro eskatu zioten joan den hilean Eusko Legebiltzarrari historikoa den eskaera bat: Lankidetzarako Euskal Legea betetzea, zeinak agintzen baitu Euskadiko BPGaren %0,7 lankidetzara zuzentzeko.
“Osasuna garapenerako lankidetzan eta ekintza humanitarioan” 2014 Txostenaren aurkezpenean, hiru elkarteek argi utzi zuten Euskadiko instituzio publikoek ez dutela Legea betetzen, nahiz eta ahalegintzen diren lankidetzara zuzenduriko funtsei eusten. 2013an, Autonomia Erkidego honetan Garapenerako Laguntza Ofizialak (GLO) jaitsiera handia izan zuen; 2012. urteko datuekiko jaitsiera %43,5ekoa izan zen (54.420.655 €tik 31.320.000 €ra), eta orain zazpi urte emandako laguntza baino gutxiago (orduko hartan 28.626.952 €koa izan zen). Jaitsierak jaitsiera, AAEE guztien artean EAE bigarrena da GLO arloan, Andaluziaren atzetik, zeinak 45.944.161 € eman baitzuen. Beste hainbat erkidegok ere arras murriztu zuten lankidetzara zuzendutako dirua ekitaldi horretan. Murtzia nabarmen, aurrekontuetatik ezabatu egin baitzuen. Osasungintzara zuzenduriko GLOari dagokionez, hiru GGKEek kezka agertu zuten, arlo honetan ere jaitsiera handia izan baita: %27,5ekoa (2.524.900 €). Datu honek adierazten du -ehunekotan eta bazter utzita osasungintzara dirurik zuzendu ez duten lau erkidegoak-, arlo honetan autonomia erkidego hau azkenaurrekoa dela (bere GLO osoaren %8,6arekin), Balearrak azken (%3,53arekin), eta urrun %15 gomendiozkotik. Hiru erakundeok azpimarratu zuten okerrena ez dela ehunekotan izandako jaitsiera, baizik eta osasungintzan inbertitzerakoan dagoen joera gorabeheratsua, honek “zaildu egiten baitu tokiko erakundeekin elkarlaneko ekimenak planifikatzea, eta ondorioz ekimen horien eraginkortasuna eta inpaktua”. Txostenak aldeko puntua Euskadiko Tokiko Entitateen (TTEE) GLOari eman zion: 2013. urtean 2.314.461 € gehitu zuten aurrekontua, %25 inguru, eta beste horrenbeste osasungintzarako GLOa. Txostenak nabarmentzen du erkidegoko hiru udal handienek (Donostia, Bilbo, Gasteiz) lankidetzaren alde egindako ahalegina, biztanleko euro gehiago eman baitzizkioten GLOari, esaterako Bartzelonak edo Madrilek baino. Halaz ere, esan behar da bere garaian Gasteiz eta Donostiako udalek pobretasunaren aurkako hitzarmenak sinatu zituztela, eta hitzeman beren aurrekontuen %0,7 lankidetzara zuzenduko zutela. Gipuzkoako hiriburuak ez zuen ehuneko hori bete, udal gobernuaren ahaleginak ahalegin helburu horri buruz (2014rako %0,45). Gasteizko udalak, 2014an, alderdien arteko itun bati esker, 2.871.061 € zuzendu zituen lankidetzara (aurrekontuaren %0,82). Ordea, ehuneko honek 2015eko aurrekontuan du ifrentzua, lankidetzarako diru laguntzak kasik desagertu egin baitira. Bilbok, azkenik, %0,39 bideratu zuen arlo honetara, urrun 2012ko %0,52tik. Saharaz hegoaldeko Afrikak jaso du laguntza gehien osasungintzarako GLOaren arloan; “zentzuzkoa da hala izatea, ingurune hartan baita osasun arazo gehien”. Halere, txostenaren egileek nabarmendu dute Amerika dela kontinente lagunduena, Eusko Jaurlaritzaren GLO osoarekin gertatzen den bezala. Halaber, Ekialde Hurbilera bideratutako funtsezko laguntza azpimarratu dute: %14. Gai honen haritik, hiru GGKEek instituzioei eskatu diete malgutzeko Afrikako proiektuetara zuzenduriko funtsak lortzeko irizpideak, kontuan hartuta kontinente hartako herrialde askotako gizarte ehunen edo egituren ahuleziak. Azkenik, mintzaldia amaitzeko, Medicus Mundi, Munduko Medikuak eta Prosalus erakundeek berriro eskatu zuten Lankidetzarako Euskal Legea betetzea, eta EAEko hiru aldundiei eskaera berretsi, harmonizatu dezatela behingoagatik PFEZean egin zerga arintzea lankidetza proiektuetarako ekarpenengatik.