“Gazteak Hegoaren bila” lehiaketak 82 talde parte-hartzaile erakartzea lortu du bosgarren ekitaldian
Astelehena,11 apirila 2016Euskadiko medicusmundiko hiru elkarteek (medicusmundi araba, bizkaia eta gipuzkoa) bi urtean behin antolatzen dute “Gazteak Hegoaren bila” lehiaketa, eta bere bosgarren ekitaldian, 2016. urte honetan, 82 talde parte-hartzaile erakartzea lortu du (21 Arabakoak dira, 34 Bizkaikoak eta 27 Gipuzkoak). Horrenbestez, guztira, 19 urtetik 30 urtera bitarteko 328 gaztek parte hartzen dute lehiaketan, lau kidek osatu behar baitute talde bakoitza. Gazteok EAEn bizi dira, edo bertan lanean edo ikasten ari dira.
Izena emateko epea bukatu eta gero, taldeek lau proba egin behar dituzte, osasunerako giza eskubideari buruz gogoeta egin dezaten motibatzeko helburuarekin, EAEko egoerari zein beste toki batzuetako, hala nola Peruko, egoerari dagokionez. Proba bakoitza egitean, parte-hartzaileak gaiaren inguruko zenbait galderari erantzuten saiatuko dira, esaterako: gure gizarteko pertsona guztiek badute bermatuta osasun-zerbitzuak erabiltzeko aukera?; eta beste herrialde batzuetan?, Badago desberdintasunik sexuaren, jatorriaren, gizarte-klasearen eta abarren arabera? Dagoeneko buru-belarri ari garen lehen proban, adibidez, komiki-banda bat egin behar da, eta parte-hartzaileek egoera jakin baten inguruko galderei eman behar diete erantzuna: kontraturik gabeko lanak eginez estatuan urte batzuk daramatzan legezko agiririk eta baliabide ekonomikorik gabeko emakume gazte, etorkin batek zer aukera izango ditu, haien ustez, osasun publikoa erabiltzeko? Oraingo “Gazteak Hegoaren bila” lehiaketarako medicusmundiri laguntza eskainiko dizkioten eragileen artean Harresiak Apurtuz, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Amaru kulturarteko elkartea, eta Donostiako Erizaintza Eskola daude, bai eta Manuela Ramos mugimendua, CENDIPP eta Flora Tristán Perutar Emakumearen Zentroa Peruko haren tokiko bazkideak ere.