Emaion su bikiniari, neska! *
Asteazkena,12 abuztua 2015Udak ez luke buruhauste mingarriren iturririk izan behar. Alta, izan, bada. Besteak beste, ondo egoki dakigukeen bikini bat erosteko erronka baitugu! Eta horrekin, hamaika komeri! Jakin badakigu iragarkietako azal beltzaranak hiri-kondairak direla; telebista saioetan erakusten dizkiguten hondartza-saioak ez direla hain zoragarriak; igerilekuetako urak ez ohi direla aldizkarietan erakusten dituzten igerilekuetakoak bezain gardenak. Demontre! Udan ilea kentzea galarazita behar luke! Begibistakoa da egunerokotasunak eta filmetako joan etorriak ez dutela bat egiten. Zergaitik ez dio inork, baina, iragarkien izaera gezurtiar samar horri erreparatzen?
Izan ere, gabonetako tripa-festak bukatu eta berehala, iragarkiek aurki gogaitzen gaituzte emakumeok dieta-iragarki andanarekin; turroia bukatu ez eta mehetzea oztopo-lasterketa luzea dela gogorarazi nahi baligukete bezala. Ez dezagun pentsa polit egoteko nahiko dugula apirilean hastea mokaduak arintzen! Izerdiak aldez aurretik atera beharra ditiagun, neska! Hor konpon ildo horretako mezu zaparradak, parez pare, cupcake-ak egiteko gonbitearekin batera badatoz! Egoerak inolako funtsik ez duen arren, emakumeok hor jarraitzen dugu geure buruak biziki estutzen, besteen begiekiko desiragarri bilakatu nahian. Extralurtar bat geurera etorriko balitz, gizajoak ezingo luke ulertu zergaitik den hain begibistakoa kalean ikusiko lituzkeen emakumeen eta iragarkietako emakumeen arteko aldea. Extralurtar gizajo hori: jakin ezazu iragarkietako emakume horiek ez direla inon; ez dira izkutuan diren apur batzuk, ez! Aitzitik, ez dira inon! Ditxosozko PhotoShop programa informatikoaren oinordekoak baino ez dira. Baietz gizon batek sortutakoa izan! Baliteke ametsezko edertasunaren 90-60-90 ereduaren sortzaile bera izatea. Auskalo. Por tzierto: eskertuko nioke neurri horien oinarria zein den azaltzerik duenari hala egingo balu. Guztiz normalizatu ditugu beti xarmant izateko presioa, ustezko “hitz ederren” ohitura, dietekiko obsesioa edota emakumeen gorputzaren amaigabeko erabilpen publikoa; nahiz eta ondoriak larriak diren jakin. Zer da horren atzean agerian dena? Emakumeak gizonen begiraden desioei erantzuteko presioaren menpe bizi garela; alegia, biolentzia eragiteko beste bide bati estuki lotuta garela. Zeharka, bogan den ideia zera da: gizonak “hautatua” izatearen garrantzia, eta, hortaz, erakargarriki jardutearen beharra, haren arreta eta maitasuna lortze aldera. Inoren printzesa kuttuna izateak, bada, badu bere ordainsaria-eta; ez? Gogoan izateko beharra Nire belaunaldiaren uste orokortuenen artean, litekeena da ustelena hau izatea: emakume eta gizonen arteko berdintasuna jada lortutzat jotzea. Bizitzak, ordea, azkar erakutsi digu egia ez dela batere borobila. Emakumeontzat lan-merkatuan txokotxo bat lortzea zailagoa da; familiaren zaintze-lanak guri dagozkigu, orohar; eta, itxuraz, emakumeoi baino ez dagokigu gorputza edonola mehearaztea bikiniarekin polit izango bagara. Dieta andanaz, amatasunaz edota ezinezko gorputz-neurriez haratago, balirudike mundu honetan emakumeoi dagokiguna ezer gutxi izatea. Munduko populazioaren erdia bagara ere, lekutan erdia lortzeko aukera! Gure extralurtarra zorarazterainoko errealitate gordina, ez? Desitxurarazten gaituzten betaurrekoen menpeko egoera dela-eta, hasi da plazaratzen bestelako aldarrikapenik: edertasun-eredu jakin bat goraipatzen duten iragarkiez haratago, hobe dugula guk geuk, garen horretan, gure burua maitatzea. Nire ustez, emakumeok, oraindik ere, ikasteke dugu gure burua balioestea, eskenatokiaren atzetik ateratzea, edota, behar izatekotan, harrabotsa egiteko baimena hartzea. Badugu sasoia besteontzat beti prest egotearen beharra gainditzeko, edota geure nortasunaren kontakizunean besteen begirada lehenesteari uzteko. Halere, ageriko zailtasunak ditu norbanaka erantzuteak munduko emakume guztioi eragiten digun arazo bati. Feminismoa da, berriz, gu guztiak indar gaitzakeena, matxismoak albo batera utzi, ikusezin bihurtu edota kanpoko geruza baino ez garela sentiarazten digunean. Izan ere, abian den mundu honek egitura bihotzgabeak behar ditu. Neska gazteenek normaltzat ikusten dute gizarteak arreta gehiago jartzea begietako marren zuzentasunean, beren jakinminetan baino; edertasunak balio handiagoa du sormenak baino; egokitu zaigun ekintza-mundu honetan, emakumeak geldi egotea hobesten da. Betiere prest, polit. Beti mehe. Nonahi erakuslehioan. Noznahi bestea erakartzeko ahaleginetan. Nekagarria. Bihotz gabea. Frustrazio horiek ez dagozkigu. Sasoian sasoiko bailitzan, uda hasierero bikini berri bat erostea bururatzen zait, erabat zaharkitu baitzait palmeradun bikini laranja. Aspaldi erosi nuen, baina orduz geroztik, ez naiz ausartu berri bat erosteko egin beharrekoetan murgiltzen. Edozein dendatako aldagelan burumakurrarazten gaituztela otutzen zait, gure gorputzen benetazko neurriak ezagutuko ez balituzte bezala egindako neurri gutxiko bikinietan sartu ezin: 34 neurri madarikatu horretan aise sentitzea egokitu balitzaiguke bezala. Ondorioa, jakina: aienekak, zein dietari ekingo diodan erabaki beharra, platerkaden tamaina murrizteko promesak eta kirol-zapatilak maizago jartzeko betiko aginduak neure buruari; den-denak, bata bestearen atzetik. Horren harian, Zaragozako talde feminista batek kanpaina zoragarri bat abiarazi berri du; xalo zein eraginkorra. Erropetako etiketetan itsasteko pegatina batzuk sortu dituzte, “neurri bat baino askoz gehiago zara” mezuarekin. Beste alde batetik, gaur bertan, Facebook-en irakurri berri dut bene-benetan zaintzen den emakumea, dieta-egile amorratua baino, bere izaera eta erabakiak aintzat hartzen dituena dela. Bat nator. Gure gorputzak harro defenda ditzagun. Bai: telebistan agertzen direnekin zerikusi handirik ez duten gorputz horiek, iragarki baterako hautatuko ez lituzketen horiek; gu geu garen horiek. Nork itzuli behar dizkigu, bada, ispiluaren aurrean egindako ordu luze horiek?; nork bueltatu behar dizkigu jan ez ditugun opil goxo horiek guztiak?; nork arindu behar dizkigu sufrituriko nahigabeak?; nork itzuli behar dizkigu besteentzat atsegin izateko xedez xahuturiko sosak? Betiere ereduarekin bat egiteko ahalegin amaigabean ibili gaitun. Heldu zaigun, neska, dagokiguna berreskuratzeko garaia. (*) Andrea Momoitio , Pikara Magazineko kide, Medicus Mundi Gipuzkoarekin elkarlanean