Iritzi artikulua: Irailaren 28aren harira, Sexu eta Ugalketa Eskubideen Nazioarteko Eguna…
Igandea,30 iraila 2018Egilea: Mª Angeles Fernandez (Pikara Magazine), medicusmundi Araba, medicusmundi Bizkaia eta medicumundi Gipuzkoarekin elkarlanean.
Irailaren 28an ospatu zen Sexu eta Ugalketa Eskubideen Nazioarteko Eguna; datak gogorarazten digu munduko leku askotan abortatzeko eskubidea desiren agendako lerro bat besterik ez dela, borrokatu behar diren eskubideetako bat, babestu behar diren eskubideetako bat.
Baldintza egokietan abortatu ahal izatea beti izan da desberdintasun kontu bat. Baliabide ekonomikoen kontua, esatea mingarria bada ere. Erraz frogatzen da: El Salvadorren, abortatzeagatik zigortuta espetxean diren edo izan diren emakume guztiak pobretutako emakumeak dira eta ospitale publikoetan izan dira artatuak. Ospitale pribatu batek inoiz ez du emakumerik salatu abortatzeagatik.
Aurten, Irlanda ikusi dugu abortua despenalizatzen; baina, Argentinan ere ikusi dugu nola mundua berdez tindatu zuen borroka feminista baten ondoren, legedia ez den aldatu, eta abortatzeak, oraingoz, klandestinoa izaten jarraitzen duen. Alegia, batzuentzat ziurra eta arriskutsua besteentzat. Gehienentzat. Bestalde, Guatemalan lege bat ari dira tramitatzen, besteren artean proposatzen duena abortatzeagatik zigorrak gogortzea.
Emakumeen autonomiak, beraien gorputzaz eta bizitza erabakitzeko, ezin du egon unean uneko Gobernuaren erabaki politikoaren menpe. Tamalez, emakumeen eskubideen aurkako mehatxuak, osasun zerbitzuak berdintasunez jaso ahal izateari dagokionez, etengabeak dira. 2014an Espainiar Estatuan mugimendu feministak kalera jo zuen Mariano Rajoyren Gobernua saiatu zelarik abortatzea delitu bihurtzen. Alderdi Popularrean haren oinordeko den Pablo Casadok orain berri adirezpen batzuk egin ditu, arlo horretan lege aldetik atzerapausoak ematearen aldekoa dela esanez. Osasun sistema denontzako berdintasunean irisgarria izatea giza eskubide kontu bat da; emakumeek beraien gorputzez eta sexu eta ugalketa osasunaz erabaki ahal izatea, beste hainbeste.
Osasun zerbitzu publiko irisgarri eta unibertsala lortzea genero kontua da, klase kontua, arrazakeriaren aurkako borroka kontua. Osasun sistema publikoak ahultzen direlarik, gizartean arrakalak areagotu egiten dira. Gizarte justu, berdin eta solidarioak ezinbestekoa du denon ondare izango den osasun sistema, denontzako eskubidea izango dena.