Vitoria-Gasteizko 19 establezimenduk bidezko merkataritzako produktuak salgai jartzearen aldeko apustua egin dute
Osteguna,20 urria 2016X0 Biderkatu kanpainaren bitartez, apaletan bidezko merkataritzako produktuak dauzkaten dendak ikusgai bihurtu nahi dira; izan ere, denda horiek “Zeroz biderkatzen dituzte: genero-desberdintasunak, haurren esplotazioa, bidegabekeria eta ingurumenaren esplotazioa”.
Vitoria-Gasteizko 19 dendak bat egin dute Zeroz Biderkatu kanpainarekin. Kanpainaren helburu nagusia da apaletan bidezko merkataritzako produktuak dauzkaten establezimenduak ikusgai bihurtzea, bai eta arlo sozialaren zein ingurumenaren aldetik halako produktuak kontsumitzeak dakartzan onurak ere. Lokal horiek identifikatzeko, kolore horiko eranskailu biribil bat jarriko da erakusleihoetan edo sarrera-ateetan, goiburu honekin: Zeroz biderkatzen du: desberdintasuna, haurren esplotazioa, bidegabekeria eta ingurumenaren esplotazioa. Denden zerrenda ikusi nahi baduzu SAKATU HEMEN
Vitoria-Gasteizko Bidezko Merkataritza-Partzuergoaren ekimena da (Medicus Mundi Araba, Bide Bidean, Oxfam Intermón eta SETEM Hego Haizea GGKEek osatutako partzuergoa), eta Udalaren laguntza du. Zeroz Biderkatu kanpaina duela bi urte sortu zen, eta oraingo honetan bultzada berria ematen zaio, Pobreziaren Aurkako Astearen testuinguruan gainera, udal-erakundearen konpromisoa sendotuta, bidezko merkataritzari nahiz kontsumo kontziente, arduratsu eta eraldatzaileari loturiko balioak sustatzeko. Kanpainaren difusio bideoa iksui nahi baduzu SAKATU HEMEN Bidezko Merkataritza-Partzuergoak kontsumo arduratsuaren alde egiten duen apustuaren barruan, tokiko eta auzoko merkataritza funtsezko eragilea da bidezko merkataritzako produktuak ikusgai bihurtzeko eta haien salmenta handitzeko garaian. Horrexegatik, Zeroz Biderkatu kanpainak hiriko establezimendu txikiekin batera lan egiten du. Esan daiteke bidezko merkataritza ez dela jadanik GGKEen saltokien jarduera esklusiboa eta gero eta leku gehiago duela denda konbentzionaletan. Kanpainari atxikitako 19 saltokiek garrantzizko rola jokatzen dute herritarrak bidezko merkataritzaren balio etikoez sentsibilizatzerakoan: genero-ekitatea, pobreziaren eta haurren esplotazioaren aurkako borroka, ingurumenaren errespetua, gardentasuna, eta abar. Produktu horiek, gainera, harrera ona dute herritarren artean, eta aukera komertziala ere bada, hortaz.
Kasu horietakoa da, adibidez, Osasunbizi, hiriguneko Ortiz de Zarate kalean kokaturikoa. Silvia Martín Fernández de la Bastida kudeatzailearen esanetan, urteetan egin dute apustu bidezko merkataritzako produktuen alde, “haien atzean dagoen filosofiagatik: ez ditugu saltzen modan egoteagatik eta arrakasta komertziala izateagatik bakarrik; duten alderdi sozialagatik egiten dugu haien aldeko apustua, produktu horiek kontsumitzean beste herrialde batzuetan ahultasun-egoeran dauden populazioei, emakumeen kooperatibei edo herri indigenei, adibidez, ematen diezun laguntzagatik”. Bestalde, Mariluz Villarrek, Zelai Alai dendaren jabe eta kudeatzaileak, aditzera ematen du produktu bakoitzaren atzean dauden istorioak eta produktuen beren kalitate handia izan zirela bidezko merkataritzako produktuak hautatzera bultzatu zutenak (kinoa, txokolateak, azukrea, panela edo kafea, besteak beste), duela 8 urte hain zuzen, establezimendua ireki zuenean. Miguel Reyes Fresa & Chocolate (Antso Jakitunaren kalean) kafetegiaren arduradunaren kasua bestelakoa da. Euskadin betidanik bizi diren kubatar horrek eta haren emazteak produktu ekologikoen nahiz bidezko merkataritzako produktuen aldeko apustua egiten dute gozogintzako produktu guztiak prestatzean, gero beren establezimenduan saltzeko, zailtasun ekonomikoak gorabehera, eta apustuak nolabaiteko arriskua duela dakiten arren. “Jendeak edozer egiten du dirua irabaztearren, baina nik ez diet bizkotxo edo pastel ‘pozoiturik’ eskaini nahi Gasteizko haurrei”. Produktu kimikoz beteriko lehengaiez ari da, edo esplotazio-egoeran dauden ekoizle edo haur batzuek landutakoez, halakoak erruz egoten baitira, hain zuzen, gainerako establezimendu konbentzionaletan. “Balio erantsia ordaindu behar zaie planeta hondatzen ari ez diren beste herrialde batzuetako pertsonei. Nik hango nekazariei lagundu nahi diet, migratu behar ez izateko, bizimodua beste nonbait bilatu behar ez izateko”, dio uste sendoz. Ildo horretan, senar-emazte hauek bestelako ekonomia baten alde egin duten apustua, Reyesen hitzetan, “zentzuzko kontua” da.