Alderdi gehienek itun bat aldezten dute, Euskadiko osasun-sistema publikoa bermatzeko eta osasunaren determinatzaile sozialetan desparekotasunak ezabatzeko
Osteguna,22 iraila 2016Astelehenean, irailak 19, mahai-ingurua egin da, medicusmundi GGKEak eta Opik deritzon taldeak (UPV-EHUko Osasunaren Gizarte Determinatzaile eta Aldaketa Demografikoari buruzko Ikerketa Taldea) antolatua, Eusko Legebiltzarrerako irailaren 25eko hauteskundeetan parte hartzen duten alderdi nagusiek osasun-politikaren arloan egiten dituzten proposamenak ezagutarazteko helburua hartuta.
EH Bildu, Elkarrekin Podemos, EAJ-PNV, Partido Popular del País Vasco-Euskadiko Alderdi Popularra eta PSE-EE (PSOE) izan ziren gonbidatuak, eta guztiek baieztatu zuten parte hartuko zutela, Eva Blanco, Juan Luis Uria, Josune Gorospe, Laura Garrido eta Blanca Roncal ordezkariekin, hurrenez hurren. Hala ere, hasieran baietza eman bazuen ere, EAJ-PNV alderdiak uko egin zion gonbidapenari azkenean. Hutsune hori nabarmendu zuten, hain zuzen, bai gonbidatuta zeuden eta eztabaidara agertu ziren gainerako alderdien ordezkariek, bai bertaratu zen publikoak, eta ez agertzea kritikatu zuten sare sozialetan, #debatesanidad etiketaren bidez. Eztabaidaren ardatzak hiru gai nagusi izan ziren. Lehendabizikoan, osasun-arloan eta osasun-sistema erabiltzeko aukeraren arloan dauden desparekotasunen inguruan, azpimarratu zen garrantzitsua dela osasunaren determinatzaile sozialak arlo honetako politiken alderdi nagusien artean aintzat hartzea. OMEk aditzera eman, eta Opik taldeak nabarmendu zuenez, etxebizitza edo lana izateko garaian dauden desparekotasunek eragin handia dute pertsonen osasunean. Horren harira, Opik taldeak jakinarazi zuen egunero 11 pertsona hiltzen direla EAEn osasun-arloan dagoen desparekotasunaren ondorioz, edo bertako biztanleen artean bizi-itxaropenaren aldetik egon daitekeen 10 urteko aldearen ondorioz, determinatzaile-mota batzuek eta besteek duten eraginaren arabera. Puntu honetan, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE lehen mailako arreta eta osasuna sustatzeko planak hobetzearen alde agertu ziren, aurrekontua handituz. Halaber, nabarmendu zuten beharrezkoa dela administrazioek esku hartzea, osasunaren determinatzaile sozialen aldetik dauden desparekotasunak desagerrarazteko, eta bat etorri ziren, orobat, osasun-sistema publikoan unibertsaltasunik ez egotea eragin duen 2102ko errege lege-dekretua kritikatzeko garaian . Baieztapen horren aurrean, PPren ordezkariak lege hori justifikatu zuen, haren helburua osasun-turismoa eragoztea zela argudiaturik, eta osasun-arreta pertsona guztientzat bermatuta dagoela, nahiz eta osasun-txartel indibiduala (OTI) edukitzeko eskubiderik ez izan. Eztabaidaren bigarren ardatzean, osasunaren finantzaketaren pribatizazioa aztertzean, adostasuna egon zen osasun publikorako inbertsioa handitu behar zela‑eta, batez ere Opik taldeak emandako datua kontuan hartuta, alegia, EAEn, osasunean egiten den gastuaren % 26,8 pribatua dela. Uriak (Elkarrekin Podemos) zifra hori berretsi zuen, EAEko herritarren % 24k, 400.000 pertsonak baino gehiagok, dagoeneko aseguru pribatu bat badutela eman baitzuen aditzera: “hori arrisku handia da osasun publikoarentzat”.
Eztabaidaren hirugarren bloke nagusiak osasun-arloko zerbitzu-ematearen pribatizazioa aztertzen zuen. Horri dagokionez, Laura Garrido PPren ordezkariak adierazitako iritziaren arabera, “arlo publikoa eta arlo pribatua oso ongi batera daitezke”, zeren, haren aburuz, “badira itunak ezartzeko formula egokiak, herritarrentzako zerbitzua ona baldin bada”. Mahaian zeuden gainerako alderdiek (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE) onartu zuen arlo horretan bat zetozela gauza askotan. Juan Luis Uria Elkarrekin Podemos ordezkariaren arabera, “sektore pribatua finantzatzen den guztietan, arlo publikoa ez da aurrera ateratzen”, eta Blanca Roncalen ustez (PSE-EE), “osasun pribatuak lehia desleiala egiten dio osasun publikoari, profesionalek batean zein bestean lan egiten dutenean”. Horregatik, EH Bildurekin batera, Euskadiko osasun-sistema publikoa bermatzeko itun bat lortzea posible zela iritzi zioten.
Esate baterako, beste zerbitzu batzuen artean, Donostiako Onkologikoa eta Tolosako Asuncion Klinikoa zentro publiko bihurtzea aipatu zuten. Izan ere, 2013an, halakoek 22 eta 20 milioiko itunak eragin zizkioten Euskadiko osasun publikoari, hurrenez hurren, Opik taldeak emandako datuen arabera. Mahai-inguru hau medicusmundiren Euskadiko hiru elkarteak buru dituen proiektu baten barruan egin da: “ OSASUN PUBLIKO ETA UNIBERTSALAREN ALDE. INEQUIDADES EN EL ACCESO A LA SALUD”. Ekimen horretan, hain zuzen, GGKE hauek, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, azterlana egiten ari dira, beste jarduera batzuen artean, euskal osasun sistemaren pribatizazio-prozesuak eta sistema hori erabiltzean egoten diren desparekotasunak deskribatzeko xedez.