Euskadin lankidetzarekiko etengabeko konpromisoa falta da
Asteazkena,16 abendua 2015Munduko Medikuak, Prosalus eta medicusmundi osasunean espezializatutako GGKEk “Osasuna eta garapenerako lankidetza eta ekintza humanitarioa” 2015eko Txostena aurkeztu dute gaur goizean. Euskadiri dagokionez, Lankidetzarako zuzendutako funtsak handitu badira ere, 2007ko Lankidetzarako Euskal Legea ez dela betetzen ikusten da, hots, % 0,7 helburu horretara bideratzea agintzen duena.
Txostenak aurten ere erakutsi du Espainiako Estatuaren Garapenerako Laguntza Ofiziala gero eta txikiagoa dela eta, zehazki, osasunari dagokionez, nahiz eta sektore hori giltzarri izan pertsonen eta herrien garapenerako. Espainiako Gobernuari dagokionez, Garapenerako Laguntza Ofiziala 1989tik emandako txikiena da, zehazki, Errenta Nazional Gordinaren % 0,14 izan da. Osasunaren sektorearen murrizketa handiagoa izan da, planifikatutakoa baino % 3,5 gutxiago eta 2013an baino % 20 gutxiago bideratu baitute sektore horretara. 2014an emandako Garapenerako Laguntza Ofizial gordin osoaren % 4 baino ez da osasunerako izan; txostenak egiten hasi zirenetik, 2001. urtetik, txikiena da. Horrek esan nahi du, estatu mailako lankidetzaren barruan osasunak garrantzia galtzen duela etengabe.
Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren (SGCID) planifikazio-aurreikuspenen arabera, 2015ean berriz murriztuko da Garapenerako Laguntza Ofiziala, bai laguntza osoa, bai Laguntza osoaren aurrean osasunera bideratu dena, eta Laguntza gordin osoaren % 2,64 baino ez da. Joera kezkagarria da, 2008an hasitakoa: estatu mailako lankidetzaren barruan osasunak gero eta garrantzi txikiagoa du. Lankidetza deszentralizatuari buruzko datuak ere ez dira pozteko moduak; izan ere, Autonomia Erkidegoek emandakoaren Garapenerako Laguntza Ofizialean % 22ko murrizketa izan da, baina, 2013an gertatu zen bezala, Toki Erakundeen laguntza pixka bat handiagoa izan da. 2014an, Autonomia Erkidegoek eta Toki Erakundeek 22,5 milioi euro bideratu dituzte osasunaren sektorera; erkidegoek 16,66 milioi —urtebetean, % 25eko murrizketa— eta toki erakundeek 5,88 milioi —2013an baino ia % 50 gehiago—. Autonomia Erkidegoen murrizketak murrizte-joera baieztatzen du. Azken urteotan, lankidetza autonomikoa izugarri murrizten ari da, eta 1998. urteko kopuruetara itzuli gara, 17 urteko atzerapena da.
Euskadiri dagokionez, 2014an Garaperako Laguntza Ofiziala 49.957.193 eurokoa izan da, euskal lankidetzaren eragile nagusiak aintzat hartuta (Eusko Jaurlaritza, Toki Erakundeak eta Unibertsitateak). Eusko Jaurlaritza oso eragile garrantzitsua izan da, euskal laguntza osoaren % 78 baita. Lankidetzarako zuzendutako funtsak handitu badira ere, 2007ko Lankidetzarako Euskal Legea ez dela betetzen ikusten da, hots, % 0,7 helburu horretara bideratzea agintzen duena. Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eskainitako estatistiken arabera, Lankidetzarako Laguntza Ofizialen kopuruek behera egin dute azken urteetan. 2008 eta 2014ko kopuruak konparatuz gero, erakunde ia guztiek laguntza murriztu dutela ikusten da (Eusko Jaurlaritza, hiru hiriburuetako udalak eta hiru lurraldeetako foru aldundiak). Gainera, orain dela gutxiko datuek berresten dute 2015ean ere beheranzko joera izan dela, eta garrantzi berezia izan du ondokoak: Vitoria-Gasteizko Udalean lankidetza ia-ia desagertu dela, eta 239.563 euroko partida jaso dela; % 0,06 da. 2016. urteari begira, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak emandako datuetan ikusten da oraindik oso urrun gaudela % 0,7tik. Eusko Jaurlaritzari dagokionez, aurrekontuen zirriborroan ez dute bete 2014-2017 eperako Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziaren Orientabide Nagusietan adostutakoa —Eusko Legebiltzarrak onetsi zituen 2014ko apirilaren 8an—, ezta Lankidetzarako Euskal Legea ere, Euskadiren BPGren % 0,7 lankidetzara bideratu behar dela xedatzen baitu. Bestalde, Vitoria-Gasteizko Udalak 2016rako egin duen aurreikuspena nabarmendu beharra dugu, 2.362.728 euroko aurrekontua jaso baitu lankidetzarako, hots, % 0,69, ia-ia % 0,7ra heltzen da. Txostenaren ardura duten hiru entitateek kezka adierazi dute ez dagoelako etengabeko konpromiso bat, eta horrek “laguntza aurrez ikusteko aukera zailtzen du, baita tokiko erakundeekin batera elkarrekiko ekintzak planifikatzea ere; beraz, ekintza horien inpaktu eta efikazia txikiagoa da”.
Osasunarekiko lankidetza 2014an osasunari emandako laguntzari dagokionez, euskal exekutiboa hirugarren Autonomia Erkidegoa da osasunari emandako diruaren kopuru osoak aintzat hartuta, baina azken urteetan, oro har, lankidetza deszentralizatuak murrizpen handia izan duelako gertatu da. Osasunera bideratutako kopurua 2.687.134 eurokoa baino ez da, euskal Garapenerako Laguntza Ofizial osoaren % 6,35 da; kopuru hori oso urrun dago osasuneko GGKEk osasun-lankidetzako nazioarteko konpromisoak bete ahal izateko eskatzen duten % 15etik. Osasun-sektoreei dagokienez, horien arteko oreka jaso du txostenak; dena dela, oinarrizko osasuna zerbait nabarmendu da, % 38koa da; horren aurrean, osasun orokorrera % 33 eta sexu- eta ugalketa-osasunera % 29 bideratu da.
Orientazio geografikoari dagokionez, Amerikako eskualdeek lehentasuna izaten jarraitzen dute euskal osasun lankidetzan, eta Subsahara-Afrikan, osasun arazo handienak badituzte ere, laguntza gero eta txikiagoa da: 2014an hirugarren postuan gelditu zen. Kontinenteka, Amerikak du lehentasuna entitateen zein Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari dagokionez. Tokiko Lankidetza Toki Erakundeei dagokienez, euskal toki erakundeen aurrekontua, oro har, handiagoa da, eta Garapenerako Laguntza Ofiziala 1.121-125 eurokoa izan da —2013koa baino % 11,5 handiagoa—. Baina, osasunerako lankidetzarako funtsak % 23 murriztu dira aurreko urtetik. Hortaz, sektore horrekiko konpromisoa gero eta txikiagoa da. 2013an bezala, 9 Toki Erakundek baino ez dute osasunerako aurrekonturik jaso; horien guztien artean, Bilboko Udalaren (154.249 euro) eta Vitoria-Gasteizko Udalaren (124.634) ahalegina eta Arabako Foru Aldundiarena (85.000) nabarmenduko genituzke. Bilboko Udala soilik da osasunerako lankidetzan funts gehien ematen dituzten hamar Toki Erakundetako bat.