Sexualitateari buruzko balioetan dagoen heziketa ezaren ohartarazpena egin du medicusmundi-k
Asteartea, 8 iraila 2015Sexu Osasunaren Mundu Egunaren irailaren 4ko testuinguruan, medicusmundi -k gogoeta bat egin nahi izan dugu Osakidetzak gai horretan eskaintzen duen kalitateari eta dituen erronkei buruz eta hainbat zerbitzu pribatizatzeko egin daitezkeen mugimenduetan jarri behar den arretari buruz.
Inmaculada Vila, erakundean bolondresa dena, ginekologo lanetan ari da aspalditik Osakidetzan, eta onartu du sexu osasunaren eta ugalketaren alorrean Osakidetzak duen zerbitzu-eskaintza “nahiko zabala” dela. Nolanahi ere, eta gazteenentzat gaur egun eskuragarri dagoen informazioa izan arren, onartzen du gainditu gabeko irakasgaia sexu heziketa dela.
“Hitzordua aurrez eskatuta zuzenean sar zaitezkeen emagin-zerbitzuan, sexu heziketa irakasten da, baina osasunaren ikuspegitik eta ez hainbeste sexualitatearen ikuspegi orokorretik, nahiz eta benetan behar duguna hori izan”, adierazi du, eta berriro azaldu sektore desberdinek horretan izan behar duten inplikazioa ezinbesteko dela. “Gaitasun hori ez da osasun alorrari bakarrik dagokiona. Agian falta dena horri buruzko koordinazioa izango da, izan ere udal batzuetan badituzte sexu heziketarako zerbitzuak, baina hezkuntza sailak ere inplikatu egin beharko luke horretan. Pertsonen garapenerako beharrezkoa den sexualitate ikuspegia duten sexu heziketarako programak jarri beharko genituzke abian. Gazteriak informazio ugari duen arren, adierazi du, indarkeria matxista, nerabeen haurdunaldia edo antisorgailuak lortzeko arazoak gainditu gabe ditugula oraindik.Vilak, argi eta garbi du, informazioa gauza bat dela, eta balioen hezkuntza, beste bat. “Nahastu egiten ditugu informazioa eta hezkuntza.Hemen ordu batzuekin eta antisorgailuak ezagutzeko ikuspegia edo STGren (Sexu Transmisioko Gaixotasunak) prebentziorako azalpenekinamaitutzat ematen da sexu heziketa, pertsonen garapenerako ezinbestekoa den sexualitateari buruzko inolako aipamenik egin gabe, hori, ordea, ez da horrela gertatzen beste hainbat herrialdetan, adibidez Holandan, izan ere, herrialde horretan sexu-heziketa bost urterekin hasten da, eta agian, horregatik izango da nerabeen haurdunaldi-tasa txikiena duen Europako herrialdea”.
Estatuan izan diren murrizketak eta pribatizazioak izan ondoren Osakidetzako ginekologia-zerbitzuak duen egoerari dagokionez, Vilak adierazi du, lehen mailako arreta-zerbitzuetan murrizketa horiek nabarmenak izan badira ere, adibidez pertsonalaren ordezkapenetan, bere espezialitatean eta osasun publikoak eskaintzen dituen zerbitzuetan, ez duela horrelakorik antzeman.Nolanahi ere, aspalditik zentro publikoekin hitzartuta dituzten mamografietan, edo kanpoko zerbitzuetan, berak lan egiten zuen anbulatorioan zegoen garbitegian, adibidez, izan dira murrizketak.“Lehen, horretaz arduratzen zen pertsona bat zegoen, eta orain zerbitzu horiek kanporatu egin dira”.
Vilak ez du lerro gorririk jarri nahi sistema pribatuan froga puntualen bat edo beste egiten delako, biztanle guztiei kalitateko osasuna sistema publikoak eskaintzen duelako baizik.“Garrantzizkoena da osasun zerbitzuak izateko izaera unibertsalarekin jarraitzea, hainbat gobernuren joera gero eta zerbitzu gehiago pribatizatzea delako. Euskadin, oraingoz, ez da pribatizaziorik izan ospitaletan, baina etorkizunean, gerta daiteke hori egitea; horregatik, herritar guztiok eta osasun alorreko langileak adi egon behar dugu, eta publikoa erreibindikatu behar dugu uneoro”.