CETA eta osasunaren privatizazioa
Osteguna, 6 apirila 2017Apirilak 7, Osasunaren Nazioarteko Eguna
Donald Trumpek hauteskundeak irabazi eta gero, badirudi Amerikako Estatu Batuen eta Europar Batasunaren arteko TTIP akordioa (Merkataritza eta Inbertsiorako Akordio Transatlantikoa) izoztuta geratu dela. CETA (Kanadarekin Merkataritza eta Ekonomia Akordio Integrala), ordea, Europar Parlamentuan berretsi zen otsailaren 15ean, 2009. urtetik zortzi urtez sekretupean negoziatzen egon eta gero. Itun honen helburua Kanada eta Europar Batasunaren arteko muga-zergak ezabatzea eta zerbitzu eta produktu-inbertsioen salerosketa erraztea izango da. CETAren alde 408 eurodiputatuk bozkatu zuten, eta 254 kontra agertu ziren.
Espainiar Estatuko alderdiei dagokionez, PP, PSOE, Ciudadanos eta EAJ alde agertu dira, eta kontra Podemos, EH Bildu, IU, ICV, ERC eta Equok bozkatu dute. Hurrengo urratsa, Estatu bakoitzeko parlamentuek behin-betiko onarpena ematea izango da.
CETArekin, beraz, 500 milioi kontsumitzaileren merkatua irekiko da, eta horri gehitu behar diogu Kanadak AEB eta Mexikorekin akordioak dituela, NAFTAren bidez (Ipar Amerikako Merkataritza Askeko Akordioa). Izan ere, Estatu Batuek CETA erabiliko dute euren ekonomia Europako merkatuan sartzeko, jatorri estatubatuarra duten enpresa transnazional ugarik egoitzak dituztelako Kanadan. Eta CETAren bidez, enpresa estatubatuar horiek Europan negozioa egiteko aukera berbera izango dute. Estatu Batuetako enpresa handien %80ak nolabaiteko parte-hartzea du Kanadako enpresetan.
TTIP akordioarekin salatu dugunez, CETA ere mehatxu handia izango da Espainiar Estatuko eta Euskadiko osasun-sistema publikoentzat. Itun bietan arlo guztietako arauak parekatu nahi dituzte, beti ere, behetik joz: osasunean, ingurumenean, lan esparruan, arlo sozialean, zergetan eta abar. Akordio bien helburu bakarra enpresa handien inbertsio, komertzio eta botere-harremanak indartzea baino ez da, euren jarduerari ateak zabalduz, eta arau gutxiago ezarriz.
2016ko maiatzean, hots, orain dela urtebete, Europako Kontseiluak bere adierazpenetan onartu zuen akordio bien arteko antzekotasuna: “CETA erreferentzia akordioa da… Gure helmuga elkarrizketa bietan antzekoa da: nazioarteko akordio bat lortzea gure enpresek merkatu transatlantikoan erraztasun gehiago izan ditzaten, hazkundea eta enplegua sortuz”.
Europako Parlamentuan CETA bozkatzen ari ziren bitartean, “ATTAC España” elkarteak honakoaz ohartarazi zuen: “CETAk gobernuen gaitasuna mugatuko du zerbitzu publikoak sortu, zabaldu eta erregulatzerako orduan. Gobernuek ezin izango dute atzera egin liberalizazio-prozesuetan edo porrota egin duten pribatizazioetan. Sendagaien preskripzioa garestiagoa izan daiteke eta eragin kaltegarria izan dezake oinarrizko eskubideak diren pribatutasun eta datuak babesteko eskubidean.
Halaber, Europar Batasunak eta Kanadak mugak izango dituzte gehiegizkoak diren patenten kontra aritzeko. EFPIAren (Farmazia-Industriaren Europako Federazioa) eta Farmaindustriaren (laborategien patronala eta Espainiako farmazia-industriaren lobby nagusia) arteko azken bilera oso argigarria izan da, batez ere ezagututa patenten alde eta generikoen kontra Espainiar Estatuan egiten duten borroka hertsia: “CETAri esker, besteak beste, farmazia-testuinguruan jabetza industrialari babesa handitu ahal izango diogu”.
OMC “Organización Médica Colegial” taldeak kaleratzen duen Médicos y Pacientes argitalpenaren arabera, Osasun Aktan (16/02/2017) jasotakoa, “CETAk sendagaien kostuak are gehiago handituko ditu, hainbat arrazoirengatik. Besteak beste, patentearen iraupena handitzeko sistema berri bat sortuko dute, eta, horren eraginez, sendagai berrien kaleratzea gutxienez bi urtez atzeratuko da”. Horrez gain, kontuan hartu behar dugu “Estatu Batuen ostean, munduko sendagairik garestienak Kanadan daudela”.
Beste alde batetik, CETAren erruz, zerbitzu publikoetan pribatizazio gehiago gerta daitezke, eta, gainera, zerbitzu bat pribatizatzen denean, ez du utziko berriro ere arlo publikora atzera bueltatzea, Madrileko Erkidegoan gertatu den bezala, hainbat mobilizazio eta epaitegien sententziak eta gero. Edo Alzirako Ospitalean gertatu den moduan, Valentziako Gobernuak pribatizazioari buelta ematen hasi dela.
Ezkutuan egin dituzten CETAren negoziazioan, Europar Batasuneko hamaika estatuk (tartean, Espainia) euren zaintza-zerbitzuak liberalizatzeko –hau da, pribatizatzeko- konpromisoa hartu dute, nagusien arreta erresidentziala kasu.
CETAri esker enpresa multinazional handiek inolako mugarik gabe kontratazio publikoetan parte hartu ahal izango dute. Gauzak horrela, gobernuek ez dute aukerarik izango tokiko hornitzaileak edo irabazi asmorik gabeko elkarteak babesteko, arlo publikoaren lanpostuak enpresa pribatuen esku utziz, horrek dakarren lan baldintza prekarioekin.
TTIP akordioarekin gertatzen den moduan, CETAk ere bitartekaritza epaimahaiak sortzea aurreikusten du, ISDS/ICS delakoak: justizia paralelo eta pribatizatua, Estatuetako sistema judizialetatik kanpo, enpresen eta Estatuen arteko gatazkak konpontzeko. Enpresa handiek eskubidea izango dute Estatuak salatzeko euren interesen kontra arauak onartzen direnean, eta Estatuek agian isun erraldoiak onartu beharko dizkiete enpresei.
Herritarrek jakin behar dute CETAk osasun-zerbitzu publikoen pribatizazioa ekarriko duela eta horrek hainbat arrisku dituela, herritarren osasunean eragina izango duelako. Era berean, gure ordezkari politikoei eskatu behar diegu jarrera demokratikoa izan dezatela eta herritarren osasuna eta ongizatea gutxiengo baten interes ekonomikoen gainetik lehenetsi dezatela.
Autorea: Mario Fernández, OSALDEko kidea eta Osasunaren Aldeko Euskal Foroa.