Injustizia eta ezberdintasunen aurka egin ezazu Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguneko ospakizunean
Asteazkena,10 maiatza 2017Vitoria-Gasteiz eta Arabako beste udalerri batzuk bidezko merkataritzaren aldeko ekintza globalari batuko zaizkio, hainbat sentsibilizazio-jardueraren bidez
Urtero bezala Arabako Bidezko Merkataritza elkarteek biztanleria arabarrari hurrengo larunbatean, maiatzaren 13an Florida parkean ospatuko diren sentsibilizazio ekintza ezberdinetan parte hartzeko gonbitea luzatzen die.
“Arrazoiak ditugulako errebeldeak gara. Bidezko merkataritza gara, eta zu?” goiburua hartuta, Vitoria-Gasteiz, Alegría-Dulantzi, Laudio eta Agurainen bidezko merkataritzako produktuen kontsumoak gizartearen zein ingurumenaren aldetik dakartzan onurez sentsibilizatuko da. Pintxoaren Ibilbidea eta birziklatzeko lantegia dira hilaren 13an, larunbata, antolatuko diren jardueratako batzuk, alegia, Bidezko Merkataritzaren Mundu Egunean. Egun horretan, Florida parkea erdigunetzat hartuta, bidezko merkataritzako antolakundeek deialdia egingo diote Arabako gizarteari desberdintasunaren aurka errebelde agertzeko, eta aldarrikatuko dute alternatiba komertzial honek modu erabakigarrian laguntzen duela bai justizia globalean, bai Agenda 2030 deiturikoa betetzea lortzen.
Vitoria-Gasteizko berritasun nagusia izango da jarduerak kokagune berri batean egongo direla, Florida parkean. Han, goizean hasita, haurrentzako lantegiak, txokolate-jana, zunba-topaketa –Laín Lópezekin–, eta batukada egongo dira. Arratsaldean, toki berean egingo dira jarduerak, graffiti-lantegi bat eta arropa birziklatzeko beste bat –TrucaRec-en eskutik– nabarmendu behar direlarik (azken horretarako, hemen eman behar da izena: formacion.euskadi@setem.org). Trinomio Global-en clown-ikuskizuna eta swing-kontzertu bat, Castigators taldearekin, izango dira egunaren amaierako ekitaldiak. Dena dela, produktuen salmenta eta dastaketa une oro eskainiko dira parkean.
Eguerdian ez da beharrezkoa izango etxera alde egitea, Gasteizko 17 establezimenduk tradizio bihurtutako Pintxoaren Ibilbidean parte hartuko baitute. Lokal bakoitzak pintxo bat prestatuko du egunerako, bidezko merkataritzako produktuak erabilita. Horrez gain, egunean zehar gonbidapena egingo zaie herritarrei desberdintasun eta bazterketa globalaren aurka errebelde ager daitezen. Sare sozialetan #RebélateConCausa kanpainan parte hartuz, bidezko merkataritzaren mugimendutik mundu hobe bat lortzen nola laguntzen duten azalduz.
Jarduera guztiak ez dira izango 13an bertan. Gaur, maiatzak 10, Pez Limbo taldeak bigarren aldiz antzeztuko du “El gran mercado” lana («Merkatu handia»), Iparralde gizarte-etxeko Beñat Etxepare antzokian. Bidezko merkataritzaren jaiak igande goizean ere jarraituko du, Salburuko auzoan. Maiatzaren 19an, ostirala, Alegría-Dulantzik lekukoa hartuko du, eta maiatzaren 21ean lekuko hori Laudiora iritsiko da, eta uztailaren 1ean, Agurainera.
Deskargatu ezazu programa osoa HEMEN
Hona hemen egun hau antolatzen parte hartutakoak: Setem Hego Haizea, Medicus Mundi Araba, Oxfam Intermón, Serso, Fundación Corazonistas, Manos Unidas eta Bide Bidean; Vitoria-Gasteizko Udalaren laguntzarekin.
Bidezko merkataritza eta Agenda 2030
Bidezko Merkataritzaren Mundu Eguna ospatzeko eguna da, baina sistema salatzeko eguna ere, sistema horretan populazioaren % 1 aberastasun globalaren erdiaren baino gehiagoren jabe delako, % 80k ozta-ozta aberastasun horren % 6 daukanean. Posible da errealitate hori amaitzea, beharrezko neurriak hartzen baldin badira.
Pobrezia gainditzeko helburuz, Nazio Batuetan garapen jasangarriko helburuak (GJH) onartu ziren, xede zehatzak dituzten 17 erronka, 2030 baino lehen bete beharrekoak. Halakoetan sartzen dira elikadura-segurtasuna, lan duina, genero-berdintasuna, ekoizpen eta kontsumo jasangarriak edo ingurumenaren zaintza, beste alderdi batzuen artean. Bidezko merkataritzak, antolakunde guztiek bete beharreko bere 10 oinarrizko printzipioen bidez, era argian laguntzen du “Agenda 2030” deiturikoan ezarritako xedeak lortzen, eta, hortaz, herrien garapenean eta ingurumenaren babesean ere bai.
Bidezko merkataritzak baditu zenbait irizpide oinarritzat, hala nola lan-baldintza duin eta seguruak, bai soldata egoki bat, bai, ekoizpenaren trukean, bidezko prezio bat ordaintzea, eta haurren lan-esplotaziorik ez dagoela ziurtatzea. Horrez gain, haren merkataritza-praktikek antolakunde ekoizleak errespetatzen dituzte, eta ez dira saiatzen irabaziak maximizatzen halakoen kaltetan. Kudeaketaren gardentasuna eta langileek erabakiak hartzen parte hartzea dira alternatiba komertzial honek dituen beste printzipio batzuk. Horrela, bidezko merkataritzak era aktiboan laguntzen du pobrezia gutxitzen, elikadura-segurtasuna lortzen, lan duina sustatzen, herrialdeetan zein herrialdeen artean desberdintasuna murrizten, eta bidezkoak, baketsuak eta inklusiboak diren gizarteak bultzatzen.
Bidezko merkataritzaren beste oinarrizko printzipio bat genero-berdintasuna bermatzea da, emakumeentzat bidezko ordainsariak bultzatuz (gizonezko lankideen soldata bera lan berak egitearen truke) eta erabakiak hartzeko organoetan egon daitezen sustatuz.
Bestalde, ekoizte-prozesuetan ingurumena zaintzeko beharra ezartzen du bidezko merkataritzak, energia-kontsumoa murrizten duten praktiken bidez jardunez, energia berriztagarriak erabiliz edo hondakinen inpaktua minimizatuz.
Bidezko merkataritzaren mugimendua 60ko hamarkadan hasi zen, eta egun 2000 antolakundetik gora dauzka, nekazarienak, artisauenak, eta elikagai-ekoizleenak, Latinoamerika, Afrika eta Asiako 75 herrialdetan, haietan 2 milioi pertsonak baino gehiagok lan egiten dutela. Sare horretan 500 antolakunde inportatzaile daude, eta 4000 denda espezializatu baino gehiago Europan bakarrik, bidezko merkataritzaren 10 printzipioak betetzen direla ziurtatzen duten nazioarteko erakundeez gain.
Espainian, 2015ean, bidezko merkataritzako kontsumoa 35 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino bi milioi euro handiagoa. Salmentetan, elikagaiak % 93 dira, artisau-lanak, bestalde, % 5, eta kosmetika naturalaren arlokoak, % 2. Kontsumoak gora egin arren, Espainia azken postuan dago oraindik, Europako beste herrialde batzuekin konparatuta; izan ere, beste herrialde batzuetan, bidezko merkataritzan biztanleko eta urteko egiten den kontsumoa 16 aldiz handiagoa da.