Saltar a contenido

medicusmundi Arabak bere 50. urteurreneko ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen du Arabako gizartea

Azaroaren 9an eta 10ean, Artium museoan eta Goiuri jauregianAzaroaren 9an eta 10ean, Artium museoan eta Goiuri jauregian

Vitoria-Gasteiz. Azaroak 7. medicusmundi Arabak 2017an bere 50. urteurrena ospatzen du. 50 urte betetzen ditugu helburu bakar batera bideratutako lanean: osasunerako eskubidea pertsona guztientzat egia bihurtzera. Helburu horren alde borrokatu gara, eta borrokan jarraitzen dugu, besoz beso lan eginez Arabako beste antolakunde batzuekin, Euskadiko GGKEen Koordinakundearekin bereziki, kide gara eta, eta herrialde pobretuetako hainbat kolektiborekin batera.

Ospakizun honen partaide egin nahi ditugu beren ahalegin, lan desinteresatu, ekarpen ekonomiko eta/edo laguntzarekin medicusmundi Arabari ilusio berberarekin borrokatzea ahalbidetzen dioten pertsona, erakunde, enpresa, kolektibo eta antolakunde guztiak, gizarte global bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzeko helburuz, pertsonen giza eskubideei lehentasuna emanez, eta emakumeen eskubideei oso bereziki. Horretarako, Arabako gizartea, oro har, bi ekitalditara gonbidatu nahi dugu:

Lehena azaroaren 9an izango da. ARTIUM museoan, 19:00etan, jai solidario bat egingo da, eta bertan elkartearen historia gogoratuko dugu, haren iragana, oraina eta etorkizuna, emanaldi artistiko eta musikalekin lagunduta. Aukera, halaber, funtsak biltzeko baliatu nahi dugu, Ruandan, hamarkada bat dela, laguntza ematen diogun proiektu batentzat: Kamonyi landa-barrutiko emakumeen zazpi kooperatiba eratzeko eta sendotzeko proiektuarentzat, hain zuzen. Ekimen horrek ahalbidetu du, gaikuntzako eta prestakuntzako prozesu luze baten ondoren, emakumeek independentzia ekonomikoa izan dezaten eta familian zein gizartean aitormena lor dezaten, duela gutxi arte hura ukatzen baitzitzaien.

Biharamunean, azaroaren 10ean, Goiuri jauregian eta 19:30etik aurrera, urteurren honen ospakizun-ekitaldi ofiziala eta instituzionalagoa egingo da. Arabako zein Euskadiko erakundeen ordezkariak joango dira, eta antzerki-lan batek eta clown-ikuskizun batek girotuko dute ekitaldia.

Baterako zein besterako, joateko interesa duten pertsonei eskatzen diegu, arren, helbide honetara idatziz jakinaraz dezatela: alava@medicsmundi.es, edo 945 288031 zenbakira deituz.

medicusmundi Araba 1967. urtean sortu zen osasun-arloko profesional-talde txiki bati esker, herrialde pobretuetako populazioen beharrizanekin sentsibilizatuta eta laguntza emateko eta haien osasun-baldintzak hobetzeko bokazioak bultzatuta, osasun-zentroak ekipamenduz hornituz, sendagaiak eta anbulantziak bidaliz… Aldi berean, hasieratik bertatik, hemen, gure hirian eta gure lurralde historikoan, herrialde horien errealitateak ezagutarazten ahalegindu zen elkartea.

Urteekin, elkarteak bere oinarri soziala zabaldu zuen, bai eta bere lan-esparruak eta proiektuak bultzatzeko lekuak ere. Gaur egun, 450 bazkide baino gehiago ditu, eta 40 bat boluntario, modu jarraitu eta altruista batean hainbat ekimen eta proiektutan laguntzen dutenak.

Toki-mailan, sentsibilizazioko, hezkuntzako eta eragin politikoko jarduerak bultzatzen ditugu, Arabako beste antolakunde batzuekin eta beste lurralde batzuetako medicusmundi elkarteekin batera.  Bereziki aipatu behar da bidezko merkataritzaren alde egiten dugun apustua.

 

“NIK ERALDATZEN DUT - YO TRANSFORMO” KANPAINA

Mundu bidezkoago bat eraikitzeko, pertsona guztiok asko egin dezakegulako uste sendoa da oraindik ere medicusmundi Arabaren motorra.

Pertsona bakoitzak, bere egoera pertsonaletik, lagundu egin dezake, eta solidarioa izan; gizartea eraldatu nahi duten pertsonak bilatzen ditugu, eta, horregatik, oroitzapenez eta ilusioz beteriko egun hau baliatu nahi dugu “NIK ERALDATZEN DUT-YO TRANSFORMO” sentsibilizazio-kanpaina abian jartzeko.

Kanpaina horretan, dei egiten zaie Arabako herritarrei, ahal duten neurrian, beren gogoa, ilusioa, denbora eta/edo ekarpen ekonomikoren bat jar dezaten, 50 urte barru medicusmundi Araba desagertuta egon, eta gure oroimen kolektiboaren zati izateko itxaropenarekin.