Saltar a contenido

Ana Martín, kooperante: «Dena ez da zilegi elkartasunaren eta asmo onen izenean»

Ana Martín Aransayk eskarmentu handia du Afrikan kooperante-lanetan. Azken urteotan Beninen, Konakryn eta Kongoko Errepublika Demokratikoan aritu da, Africanista Manuel Iradier eta Farmamundi erakundeen jardunaren baitan. Gaur egun Ruandan bizi da, Arabako eta Bizkaiko medicusmundi erakundearen atzerriratu gisa. Kooperantearen Egunean, berarekin aritu gara lankidetzari eta garapenari buruz zer uste duen jakiteko.
 

Zerk eraman zintuen lankidetzaren alorrera?
Ez dakit nola azaldu, imajinatzen dut gizarte-alorreko lanerako bokazioa dudala eta ikasketak ere ildo horretarantz bideratu nituen; gero, atzerrian esperientzia batzuk izan ondoren, lanean hasi eta profesionalki horretan aritzeko aukera izan nuen.
Garapenerako lankidetza tresna erabilgarria izan daitekeelakoan nago, alde batetik ahalduntze-prozesuak bultzatzeko eta, beste alde batetik, pertsonen bizi-kalitatea hobetu eta elkarrekiko ezagutza eta errespetua ahalbidetuko duten prozesuak bultzatzeko.

Zer da zure ustez elkartasuna? Nola definituko zenuke?
«Elkartasuna» hitza gehiegi erabiltzen da eta ez dakit oso ondo zer esan nahi duen. Berdin erabiltzen dute kafe-marka bat sustatzeko edo dirua biltzeko jaialdi bat antolatzeko. Nire ustez, lankidetza-proiektu eta -ekintzak ez dira elkartasunean oinarritzen. Badugu esaterik osasun- eta hezkuntza-zerbitzuak elkartasunean oinarritzen direla? Nire iritzian, ekimen horiek harago jo behar dute, eta «elkartasuna» terminoa gainditu. Bestelakoa da kontua: justizia soziala, emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasuna, eta gainerako pertsonen ongizatearen edota etorkizuneko belaunaldien bizkarretan oinarrituko ez den giza garapen iraunkorra sustatzea.

Beste alde batetik, ez dut uste lankidetzaren alorrean ari garenok gainerakoak baino solidarioagoak garenik, azken batean esparru jakin bateko profesionalak gara eta. Egiten den lanaren kalitatea baloratzea da kontua: badira lankidetzako ekintza «solidarioak», garatzen diren lekuetan inpaktu negatiboa dutenak baina, solidarioak direnez, erantzukizunik eskatzen ez zaienak. Hori txarto dago; nire ustez, lankidetzako ekimenak ikuspegi kritikoz aztertu behar ditugu; dena ez da zilegi elkartasunaren eta asmo onen izenean.

Zer eginkizun du lankidetzak gaur egun Ruandan?
Aurretiaz esan dudan bezala, Ruandaren garapena sustatzen duten estrategien eta eragileen artean beste tresna bat da lankidetza. Baina Ruandan badago ezaugarri berezi bat: lankidetza-ekintzak herri-administrazioarekin koordinatuta burutzen dira eta administrazio horrek nazioarteko eragileen erregistro zorrotza egiten du eta tokiko erakundeen partaidetza eta koordinazioa sustatzen du.
Nik neuk uste dut lankidetzak baduela alderdi negatibo bat, alegia, oraindik ekintza batzuk norabide bakarreko ekarpentzat hartzen direla (alde batek eman egiten du eta beste batek jaso) eta, gainera, finantzatzaileak finkatzen dituela lehentasunak, ekintzaren helburu diren herritarrek zehaztu beharrean. Horren ondorioz sortzen dira paternalismoa eta pertsonen arteko desberdintasun-harremanak. Zorionez, gero eta ekintza gehiagok egiten diote muzin halako «lankidetzari» eta kalitatez egindako eta lankidetzan oinarritutako lanera bideratzen dira.

Gaur egun emakumeen kooperatibekin lan egiten duzu. Zer dakar beraientzat bereziki lan egiteak?
Emakumeen kooperatibekiko lanak funtsezko hiru zutabe ditu: batetik, kideen barne-gaitasunak baliozkotu eta indartzea; bestetik, diru-sarrerak sortu eta emakumeen ahalduntze ekonomikoa sustatzen duten jarduerak burutzea; eta, azkenik, emakumeak komunitateak eraldatzeko eragile bihurtzeko apustua egitea.
Dena dela, ekintzen jarraitutasuna da apustu nagusia (kooperatibek eta medicusmundi erakundeak 10 urtetik gora daramatzaten lanean), pertsonak protagonista izango diren prozesuak bultzatu behar direlako uste sendoarekin batera.

Eta zer eginkizun dute gizonek prozesu horretan?
Gizonek ere hartzen dute parte kooperatibetan; 314 kideetatik 26 gizonezkoak dira. Kide izateaz gain, komunitateko gainerako gizonei parte hartzeko gonbidapena luzatzen zaie, eta hartu ere egiten dute, hala nola sentsibilizazio-ekintzetan, lurra lantzen, gurasoen bileretan eta abarretan.
Galdetu diegun kooperatibetako emakumeen esanetan, hasiera batean gizonak uzkur agertu ziren emakumeen kooperatiben aurrean, batez ere emakumeek espazio publikoetan eta autogestioetan parte hartzeak eragiten zituen aldaketak zirela eta. Alabaina, urteak igaro ahala, emakumeen kooperatiben inpaktu positiboez ohartu eta familietan nahiz komunitatean genero-rolak zalantzan jartzen hasi dira. Esan dutenez, gizon batzuk etxeko lanak eta zaintza-lanak partekatzen hasi dira eta familian erabakiak batera hartzen dira.

Erraza da gurea ez den beste kultura bateko kideak diren eta oso bestelako esperientziak bizi izan dituzten pertsonekin komunikatzea eta giza harremanak garatzea?
Ez, ez da erraza. Komunikazio positiboa eta partaidetzazkoa lortzeko, erabiltzen ditugun hizkuntzez gain, esanahien interpretazioa ere hartu behar dugu kontuan, jatorrizko kulturak eta bizi izandako esperientziak eragin zuzena baitu horretan. Kultura eta jatorri askotako pertsonak biltzen diren talde guztietan berdina gertatzen delakoan nago.
Giza harremanari dagokionez, pentsatzen dut helburu eta emaitza erkideak izatea eta egiten dugun lanarekiko atxikimendua lagungarri gertatzen direla.

Zure iritzian, zer da pertsonen giza garapen integrala indartzeko gauzarik garrantzitsuena?
Epe luzeko prozesua da, oso konplexua, eta ez dut horretarako erantzun argirik.
Agian, garrantzitsua izango litzateke pertsonek BEREN giza garapen integrala zer den definitu ahal izatea; dena dela, zaila delakoan nago, mendebaldeko kultura hegemonikoak eta kapitalismo neoliberalak dagoeneko finkatuta dutelako, oro har.
Afrikako emakumeak biktimatzat, gure laguntzaren beharra duten pertsonatzat identifikatzen dituen diskurtso monolitikoa dago. Zer ikas dezakegu haiengandik?
Diskurtso hori bera Afrikako kontinente osora estrapola daiteke; baina badago beste diskurtso bat ni konbentzitzen ez nauena: Afrikako emakume guztiak miresgarriak direla dioena, denek ezaugarri berberak balituzte bezala. Hori ezinezkoa da, Euskal Herriko emakume guztiak honelakoak edo halakoak direla esatearen parekoa baita. Osotasun bat hartzen duen diskurtso bat ere ez da positiboa, estereotipoen iturburua delako.
Gauza bat baino ez dut esango: lankide ditudan Ruandako emakume guztiek irmo sinesten dute egiten duten horretan, emakumeen ahalduntzearen alde borrokatzen dira eta komunitateen garapena sustatzeko bide bakarra emakumeen inplikazioa dela defendatzen dute.
 

Afrikako herrialdeak beti «albiste txarren» iturri izaten dira. Nola alda dezakegu diskurtso hori?
Badira hedabide batzuk Afrikako herrialdeen eta herritarren «bestelako albisteak» eta ikuspegiak erakusteko ahalegina egiten dutenak, eta badugu horietarako sarbidea, baina agian erosoagoa egiten zaigu ideia negatiboak betikotzen jarraitzen duten hedabideetara jotzea.
Dena dela, Afrikako herrialdeetan zer gertatzen den jakiteko, ezin dugu soilik hedabideetara mugatu, gure hirietan bertan bizi diren Afrikako auzokideekin hitz egin eta beraiei galdetu behar diegu, beren herrialdeei buruz duten iritziaren berri jasotzeko. Lehen eskuko albisteak, alegia.

Kontinente horri eta bertako herrialdeei buruz ditugun estereotipoen artean, zein dira imajinario kolektiboari kalte handiena egiten diotenak?
Estereotipoak kontinente guztietan daude eta ez dute ezertarako balio. Ziurrenik, gure imajinario kolektiboan uste dugu Afrika kontinente galdua dela eta ez dagoela ezer konpontzerik. Harritu egiten nau ezagun askok hona ekartzeko telefono zaharrak eta arropa erabilia eskaintzen didatenean. Kontinente honetan gauza materialak falta direla pentsatzen jarraitzen dute, eta neure buruari galdetzen diot: ez dakigu telefono horietako koltana eta arropa horietako kotoia Afrikako herrialdeetatik irten direla? Informazio asko eskura badaukagu ere, ez dakigu ezer.
Elkarrengandik ikastea da garrantzitsua, ez ahanztea gure desberdintasunek aberastu eta batasunean dibertsitatea eraikitzen laguntzen digutela.

Zer uste duzu boluntarioen bidaien kopuruan izan den hazkundeaz?
Lehenengo eta behin, esperientziak trukatzea beti da positiboa. Gero, kontua nahasi egiten da alderdietako bat jende pobreari lagunduz «solidarioa» izatearen plantak egitera mugatzen bada, ikasteko inolako interesik gabe. Badira halakoak, baina bada, halaber, pertsonak eta lekuak ezagutzera eta ezagutza partekatzera joaten den jendea, ahal den heinean proiektu zehatzetan laguntzeko asmoz. Bidaia aurretiko prestakuntzan interpretazio faltsuak saihestu eta alderdi guztien eginkizunak argi zehaztu behar direlakoan nago.
Beste alde batetik, itzulia eman eta esperientzia-truke osoaren aldeko apustua egin beharko genuke; hau da, Afrikako herrialdeetatik Europako herrialdeetara datozen boluntarioen bidaiak antolatzea. Zergatik ez?

Zer aldatu nahi izango zenuke hemendik 5 urtera?
Laguntzakeria alboratu eta berdinen arteko lankidetza-ekintzak sustatzen jarraitzea, eta Afrika kontinente txiroa, tristea eta etsia delako irudia aldatuz joatea, haren potentziala, ahalduntzea eta justizia (besteak beste) nabarmentzeko.