“BOTEREAri buruz. Botere soziala eta botere-egiturak ulertzen” eskuliburua
Indiako akademiko feminista ospetsuak, Srilatha Batliwalak, egindako gida hau CREA Giza Eskubideen Nazioarteko Erakunde Feministaren “Lidergo Feminista Eraldaketa Sozialerako” sailaren lehen eskuliburua da. CREA Indiako MMGko bazkide lokala da.
Aktibismotik pertsonen bizitza aldatzen edo haiek aurre egin beharreko bidegabekeriei kontra egiten saiatzen garenean, botere-ekuazioak aldatu nahian ari gara. Aktibista den eta aldaketa sozialaren alde lan egiten duen edonorentzat, oso garrantzitsua da boterea botere-egituren eta harremanen arabera ulertzea.
Oraindik garrantzitsuagoa da, emakumeen eskubideen, genero berdintasunaren edo genero-identitate, sexu-orientazio, arraza, klase, kasta, etnia, erlijio, nazionalitate, ezgaitasun, lanbide (adibidez, sexuaren langileak), kokapen (adibidez, landakoa edo hirikoa) edo beste edozein faktorerengatik marjinatua edo baztertua den edozein pertsonaren eskubideen alde lan egiten duenarentzat.
Baina “boterea” oso ideia abstraktua da, kontzeptu zabal eta korapilatsu bat. Pertsona bakoitzak gure erara ulertzen dugu, jorratzen ditugun gaien, lan egiten dugun pertsonen, horri buruz irakurri izan dugunaren arabera edo boterearekin izan dugun esperientzia pertsonalean oinarrituz.
Eskuliburu honen helburua, nahaste hori argitzea eta botereari buruzko ulermen partekatu bati begira urratsak ematea da. Horrela, justizia sozialarekin eta generoarekin konprometituta gauden pertsona guztiok, gure arazo partikularrak edo testuinguru ekonomiko, politiko eta kulturalak edozein direla ere, gizartean aritzen den botereari buruzko definizio eta analisi osoago eta partekatuago batetik abiatuz, gure estrategiak eraiki ahal izan ditzagun.
Jatorrizko argitalpena hindieraz eta ingelesez egin zen, eta, ondoren, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantza-laguntzari esker, gaztelaniazko eta euskarazko liburua aurkezten da, EHUko Unibertsitateko Margaret Bullen antropologo feministak egindako hitzaurre batekin.
Margaretek hitzaurrean dioen bezala, liburu hau “zalantzarik gabe, gure bizitzetan eta gizarteetan botereak duen funtzionamendua aletzeko eskuliburu erakargarri, ulergarri eta erabilgarria da”; eta horregatik, irakurtzera animatzen zaituztegu!
Argitalpenaren ale fisikoak lortzeko, idatzi educ.gipuzkoa@medicusmundi.es helbidera edo deitu 943-404740 telefonora.
Liburua deskargatu
Argitalpen honi buruz
- Urtea
- 2023
- Kategoria
- Gidaliburuak eta eskuliburuak