Maiz egiten diren galderak
Hona hemen gure lana eta guri nola lagundu hobeki ulertzeko lagungarriak izango bide zaizkizun galdera batzuk. Ez baduzu aurkitzen orri honetan medicusmundiri buruz behar duzun informazioa, gurekin harremanetan jar zaitezke harremanerako atalean, edo hurbilen duzun elkartera jo dezakezu.
- Dohaintzan eman nahi ditut sendagaiak, material sanitarioa, elikagaiak, betaurrekoak...
Oro har, medicusmundin ez dugu dohaintza materialik onartzen, zailtasun logistikoak eta biltegiratzeko kostuak direla-eta. Gainera, gure xedea da gure lanarekin zerikusia duten pertsonak berez molda daitezen, autoaskiak izan daitezen. Hartara, gure lehentasuna da tokiko garapena sustatzea, ahal den guztietan tokiko edo eskualdeko erosketaren alde eginez, ondasunei zein zerbitzuei dagokienez. Nolanahi ere, arau horrek baditu salbuespenak:
·Larrialdietan, medicusmunditik oinarrizko laguntza helaraz dezakegu (ekipamendu sanitarioa, sendagaiak, edateko ura, berotzeko arropak, etab.) kaltetuta dauden aldeetara; izan ere, larrialdiaren izaeragatik, baliteke ezinezkoa izatea premia bizikoak diren oinarrizko produktuak tokiko merkatuan eskuratzea. Dena dela, tokiko janaria eta ondasunak erosten saiatzen gara beti, kaltetutako populazioei laguntzeko oso era garrantzitsua baita hura ere. medicusmundik larrialdietan esku hartzen du, bakarrik, baldin eta, garapen-programen bidez, lehendik herrialde horretan badago.
·Betaurreko erabiliak biltzeko kanpaina. 1997az geroztik, medicusmundik lankidetza-harremana du General Ópticarekin, "Zure betaurreko zaharren truke, medicusmundiri euro bat emango diogu, proiektu humanitarioetarako" izeneko kanpainaren bidez. Kanpainak bi helburu ditu: a) Diru-baliabideekin zein giza baliabideekin laguntzea medicusmundiren proiektuetan, herritarrek General Ópticaren dendetan ematen duten betaurreko-pare bakoitzaren truke, medicusmundik 1 € jasoko baitu, pertsonen ikusmen-osasuna hobetzeko erabiliko duena, Marokon, Burkina Fason edo Guatemalan, beste herrialde batzuen artean; eta b) konponbide bat eskaintzea etxean betaurrekoak eduki, eta erabilgarriak izaten jarraitzea –edo, bestela, ingurumen-faktoreak aintzat hartuz ezabatuak izatea–nahiko luketen pertsonei. Betaurreko-bilketarako General Ópticaren denda guztietan dagoen “bilketa-gune iraunkorra” erabiltzen dugu; hala, bada, edozein herritarrek urteko edozein unetan utz ditzake betaurrekoak General Ópticaren dendetan. Biltzen diren betaurrekoak, hautaketarako eta sailkapenerako prozesu bat burutu ondoren, ikusmen-osasunaren alorretan ditugun proiektuetara bidaltzen dira, ikusmen-arazoak izanda, ikusmen-osasuneko zerbitzuak erabiltzeko aukerarik ez duten pertsonen artean banatzeko. Berriz erabili ezin diren betaurrekoak edo arrazoi batengatik edo besterengatik gure proiektuetarako egokitu ezin direnak, era ekologikoan suntsitzen dira.
Aurrera eramaten ditugun jardueren artean, betaurrekoak emateaz gain, itsutasuna eta begi-gaixotasunak prebenitzeko kanpainak daude, oinarrizko zainketak ezarriz eta landa-eremuko osasun-zentroetako langileei prestakuntza emanez.
- Zer egin behar dut zuen informazioa jasotzeko?
Informaturik egon nahi baduzu medicusmundiren ekimenei buruz, gure buletin elektronikoaren harpidetza egitera animatzen zaitugu. Aldian behin, informazioa jasoko duzu proiektuei buruz, abian ditugun kanpainei buruz, zure hirian aurrera eramaten ari garen jarduerei nahiz guri laguntzeko moduari buruz. Halaber, hurbilen duzun elkartea bila dezakezu, eta harekin harremanetan jar zaitezke.
Bestela, medicusmundiri buruzko informazioa jasotzeari utzi nahi badiozu, jarri gurekin harremanetan, eta aditzera eman zer material jasotzeari utzi nahi diozun, edo jakinarazi buletin elektronikoen baja egin nahi duzula.
- Badaude seguru nire datu pertsonalak?
Bai, medicusmundik zure datu pertsonalak gure jardueren inguruko informazioa helarazteko baino ez ditu erabiltzen. Ez diegu datu horiek emango beste enpresa edo erakunde bati, Espainiako Medicus Mundi Elkarteen Federazioaren lanarekin zerikusirik ez duen informazio komertzialik bidal diezazuten. Zure datu guztiak fitxategi informatiko pertsonalizatu eta konfidentzial batean erregistraturik daude, eta fitxategi hori Datuak Babesteko Agentziaren Erregistroan inskribaturik dago. Edonoiz sar zaitezke zure datuetan, zuzendu ditzakezu, edo ezereztu, zure medicusmundi elkartearekin harremanetan jarrita.
- Nola dakit nik laguntza ekonomikoa proiektuetara iristen dela?
Oso zorrotzak gara gure funtsen erabileran. Dirua jatorritik azken helbururaino kontrolatzen dugu. Urtero, kontu-ikuskatzaile independente batzuek gure kontuen ikuskapena egiten dute, eta kontuak Batzar Nagusiaren aurrean aurkezten ditugu
- Zein lankidetza-proiektu mota eramaten ditu aurrera erakundeak?
1991. urtean, Konkordiaren Asturiasko Printzea Sariak aitortu egin zuen medicusmundik 1963tik osasunaren defentsan atxiki duen konpromisoa, giza baliabideen oinarrizko osagai gisa, sexu- eta ugalketa-eskubideak barne, bai eta osasunean eragina duten faktoreak ere, lehen-mailako osasun-arretaren sustapenean eta osasun-sistema publikoaren defentsan oinarriturik, osasun-laguntza kalitateduna, ekitatiboa eta unibertsala bermatzen duen sistema bat lortzeko, pertsona guztientzat, bereizketarik batere egin gabe arraza, sexua, erlijioa edo egoera ekonomikoa dela-eta.
Pertsona gisa, gure osasuna zein gure zaintzapean daudenen osasuna eguneroko kezka-iturri dugu. Gure adina, generoa, egoera sozioekonomikoa edo etnia edozein izanik ere, dugun ondasunik oinarrizkoena eta baliotsuena dela deritzogu osasunari.
Lehentasuna gehienbat osasun-proiektuei emateaz gain, medicusmundik, era berean, bestelako proiektu batzuk eramaten ditu aurrera, hala nola genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko proiektuak, ur-horniketako eta ur-arazketako proiektuak, tokiko ekoizpen-garapeneko eta ekonomia sozial eta solidarioko proiektuak, laguntza humanitariokoak nahiz larrialdietarakoak, edo gobernu eta gizarte zibilari buruzkoak, oro har.
- Haurrak babesean hartzen dituzue?
medicusmundin ez dihardugu haurren babesletzan. Gure lankidetza-eredua komunitate guztiaren bizi-baldintzak hobetzeko proiektuak aurrera eramatean oinarritzen da, batzuen eta besteen artean bereizketarik egin gabe. Azken batean, haur batek hezkuntza edo osasun-laguntza jasotzeko aukera izatea edo bere haurtzaroaz gozatu ahal izatea gurasoek aurrera ateratzeko duten gaitasunaren nahiz haien komunitatearen garapen-mailaren mende egongo da. Gure uste sendoa da haurrei etorkizuna bermatzeko erarik onena haien komunitatearen mesedetan lan egitea dela, komunitateko kideen arteko desparekotasunak saihestuta horrela
- Zein da erakundearen jatorria? Badu loturarik interes jakinen batekin (Eliza, alderdi politikoak, enpresa-taldeak, eta abar)?
Zein da erakundearen jatorria? Badu loturarik interes jakinen batekin (Eliza, alderdi politikoak, enpresa-taldeak, eta abar)?
medicusmundi nazioarteko elkartasun-erakundea da, nortasun juridiko propioaren jabea, federala, gobernuz kanpokoa, irabazi-asmorik gabekoa, botere publikoetatik zein beste edozein erakunde edo interes-talde ekonomiko, politiko edo erlijiosotatik independentea, oinarrian elkarte independenteak dauzkala eraturikoa.
1963. urtean Hegoaldeko herrialdeetan lankidetzan ziharduten Bartzelonako profesional sanitario batzuek fundatu zutenetik, haren jarduna giza eskubideen nahiz pertsonen duintasunaren errespetuan oinarritzen da, populazioen osasuna hobetzen laguntzeko asmoz, garapenaren ikuspegi integral baten barruan.
- Baduzue boluntariotza-programarik lekuan bertan?
Oro har, medicusmundin ez dago nazioarteko boluntariotza-programarik. Hala ere, zenbaitetan gerta daiteke gure elkarteetako batek nazioarteko boluntariotzako berariazko programak izatea, oso beharrizan zehatz batzuei erantzuteko (kanpaina oftalmologikoa, prestakuntza bereziak edo laguntza tekniko puntualak). Boluntariotzan ditugun beharrak jakiteko, atal hori bisita dezakezu.
- Medikua edo pertsonal sanitarioko kidea izan behar dut laguntzeko?
Ez halabeharrez, medicusmundi haren xedearekin bat datozen pertsonek osatzen baitute, pertsona horien prestakuntza edozein izanik ere. Ez da beharrezkoa medikua izatea. Zure lana arlo askotan egin ahalko duzu, zure prestakuntza edozein izanik ere, erakundearen funtzionamendu onerako ekarpen gisa. medicusmundiren eguneroko lana administrazio-zereginetan, garapenerako lankidetzan, hezkuntzan, sentsibilizazioan nahiz komunikazioan gauzatzen da.
- Baduzue pertsona kontratudunik?
Bai, medicusmundiren Espainiako egoitzetan nahiz proiektuetan badaude langile ordainduak, herrialdeko lege-esparruaren araberako lan-kontratua dutenak. Kasu bietan, libre dagoen lanpostuaren ezaugarri eta beharretarako profil zein prestakuntza akademiko egokiak dituzten pertsonak bilatzen ditugu. Gure egoitzetan lan egiteko, epe ertain eta luzerako prestasuna eta konpromisoa behar dira. Hori dela-eta, gure aburua da lansaria jasotzen duten profesional batzuek bete behar dutela lan hori. Kontsultatu zer lan-eskaintza dauden.
- Nola egin naiteke bazkide edo nola egin dezaket dohaintza bat?
Oso erraza da medicusmundiri laguntzea. Lagun dezakezu kide izan nahi duzun medicusmundi elkartea aukeratuz eta bazkide egiteko inprimakia betez. Halaber, gure elkarteetako edozeinetara jo dezakezu, eta han medicusmundiko pertsonek eskainiko dizute arreta.
Dohaintza egin nahiago baduzu, gure webgunetik egin dezakezu, dohaintza egiteko inprimakian aurkituko dituzun pausoei jarraituz.
- Dohaintzak eginez laguntzen dut, hobe da bazkide egiten banaiz?
Bai, medicusmundin osasuna pertsona guztiek eskuragarri duten eskubidea izateko borrokatzen gara, horrela lagunduko baitugu mundua guztientzat apur bat bidezkoagoa izan dadin. Denbora behar da hori lortzeko eragin behar diren aldaketetarako , eta horrexegatik behar ditugu medicusmundiren xedearekin konprometituriko pertsonak. Aldian behin egiten duzun ekarpena garrantzi handikoa da, proiektuak aurrera eramateko aukera ematen digulako. Bazkide gisa duzun konpromisoak legitimatu egiten ditu lortu nahi ditugun aldaketak, guztiok bizitza duina izan ahal izan dezagun.
- Bada segurua webgune honen bidez dohaintzak egitea?
Gure webgunea behar bezala babestuta dago, dohaintzak segurtasunez egin ahal izan ditzazun. Thawtek emandako ziurtagiria dauka. Erakunde baimendu horrek zure datuak Interneten zehar modu seguruan zifratuta eta enkriptatuta joatea ahalbidetzen du.
- Bazkidea naiz, nola aldatu ahal ditut nire datuak?
Zeure elkartearen harremanetan jarriz alda dezakezu bankuari dagokion edozein datu, edo zure ekarpenaren zenbatekoa edo aldizkakotasuna, bai posta elektronikoz, bai telefonoz.
Oraingo ekarpena mantentzea posible ez bada, ez ahaztu zure ekarpenak, oso txikia iruditurik ere, medicusmundin gauden beste bazkideen ekarpenarekin batera, borrokan jarraitzeko aukera emango digula, osasuna pertsona guztiek eskuragarri duten eskubide bat izan dadin.
- Nire ekarpen ekonomikoen desgrabazioa egin dezaket errenta-aitorpenean?
Bai, medicusmundiri egiten dizkiozun ekarpen ekonomikoek zerga-arinketa eragiten dute zure errenta-aitorpenean. Urtero, eman diguzun helbidera, zure ekarpenaren egiaztagiria bidaltzen dugu, errenta-aitorpenean kontuan har dezazun. Gogoan izan, egiaztagiri hori emateko, ezinbestekoa dela guk zure IFZ/IFK ezagutzea, zure datu pertsonal eguneratuez gain. Zeure datuak zuzendu edo egiaztatu behar badituzu, jarri gurekin harremanetan, mesedez.
Nahi baduzu, hemen jakin dezakezu zenbat desgraba dezakezun zure ekarpenagatik
- Zure ekarpena nola banatzen den
Gure konpromisorik handiena babesten gaituzten pertsonekin eta laguntza horren onuradunekin dugu. Gure xedea betetzeko eta eraginkorrak izateko, gure funtsen zati bat kudeaketako eta administrazioko gastuetan erabili behar da.
Esaterako, jasotzen ditugun 100 eurotik, 81,32 euro garapen-programetarako eta laguntza humanitariorako erabiltzen ditugu, 3,57 euro, hezkuntza eta sentsibilizazioko kanpainetarako, 1,37 euro boluntariotzarako, bidezko merkataritza, genero eta gizarte-ekintzarako, 1,36 euro komunikazio eta funts-bilketarako, eta 12,38 euro kudeaketa eta administraziorako.
- Garapen-programak
- Laguntza humanitarioa
- Hezkuntza eta sentsibilizazioa
- Boluntariotza, bidezko merkataritza, generoa eta gizarte-ekintza
- Komunikazioa eta funts-bilketa
- Kudeaketa eta egitura
Nola dakit nik laguntza ekonomikoa proiektuetara iristen dela?
Oso zorrotzak gara gure funtsen erabileran. Dirua jatorritik azken helbururaino kontrolatzen dugu. Urtero, kontu-ikuskatzaile independente batzuek gure kontuen ikuskapena egiten dute, eta kontuak Batzar Nagusiaren aurrean aurkezten ditugu