Gasteizen izango da Gazteak Hegoaren bila lehiaketaren azken jaia
Miércoles,18 mayo 2016Hurrengo larunbat honetan, maiatzak 21, jakingo da zein diren talde irabazleak Euskadiko medicusmundiko hiru elkarteek antolatutako Gazteak Hegoaren bila lehiaketaren bosgarren ekitaldian. Haien izenak azken jaian jakinaraziko dira, lehiaketaren laugarren eta azken proba Gasteizko hiriguneko kaleetan zehar egin eta gero. Proba horretan, gainera, taldeek elkar ezagutzeko aukera izango dute, hilabete baino gehiagoan lehian ibili eta gero.
Azken proba egiteko, taldekideek mozorroa jantzi edo elementuren bat eraman beharko dute, haien ingurunean zein beste testuinguru batzuetan osasunerako eskubidea zer egoeratan dagoen ikertzen ari diren detektibe gisa agertzeko. Hain zuzen ere, lehiaketaren helburua izan da Euskadiko gazteei gogoeta eginaraztea herritarrek osasun-zerbitzuak erabiltzeko duten aukeraren inguruan, EAEn zein beste toki batzuetan, hala nola Perun, talde irabazleak herrialde hori bisitatuko baitu. Lehiaketan parte hartzen duten gazteek Urrezko Zeledonen plazan dute hitzordua, larunbat goizeko 10:30ean, azken proban lehiatzeko. Proba bukatu, eta Artium museoan azken jaia egingo da. Orduan jakinaraziko da zeinek disfrutatuko dituzten Gazteak Hegoaren bila lehiaketak bosgarren ekitaldian ematen dituen bi sariak: lehen saria Perura bidaia bat egitea izango da, talde irabazleak Medicus Mundik Andeetako herrialde hartan aurrera eramaten dituen proiektuetako batzuk bisitatzeko; eta, bigarren saria, 2600 euroko bonu-txartel bat, elkartasunezko esperientzia bat ezagutzeko estatuaren barruan.
Lehiaketaren ekitaldi honetan 320 gaztek eman zuten izena, eta Medicus Mundik beste eragile batzuen laguntza izan du lehiaketa aurrera eramateko: Harresiak Apurtuz, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, eta Donostiako Erizaintza Eskola , bai eta Manuela Ramos mugimendua, CENDIPP eta Flora Tristán Perutar Emakumearen Zentroa Peruko haren tokiko bazkideak ere, Halaber, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren finantzaketa izan du. Gasteiz On merkatari-elkartearen laguntza ere nabarmendu behar dugu, laugarren eta azken probaren antolaketan. Izan ere, kolektibo horretako 24 establezimendu komertzialek lagunduko diete lehiakideei maiatzaren 21eko larunbat goizean zehar.