medicusmundik eta UPV/EHUk alderdi politikoak elkartuko dituzte Euskadiko osasun publikoaren inguruan proposatzen dituzten konpromiso eta neurriei buruz eztabaidatzeko
Miércoles,14 septiembre 2016Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeen bezperetan, medicusmundiren EAEko hiru elkarteek (medicusmundi álava/araba, medicusmundi bizkaia eta medicusmundi gipuzkoa) hauteskunde horietara aurkezten diren alderdi politiko nagusiak mahai-inguruan elkartu nahi izan dituzte, datorren legealdirako alderdiok osasunerako eskubidearen inguruan aurkezten dituzten konpromiso eta neurriak ezagutarazteko helburuz. Hitzordua jende guztiari irekita egongo da, eta irailaren 19an, astelehena, egingo da, 19:00etatik 21:00etara bitartean, Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. EH Bildu (Eva Blanco), Elkarrekin Podemos (Juan Luis Uria), EAJ-PNV (Josune Gorospe), Partido Popular del País Vasco-Euskadiko Alderdi Popularra (Laura Garrido) y PSE-EE (PSOE) (Blanca Roncal) alderdiek dagoeneko baieztatu dute agertuko direla.
medicusmundik mahai-inguru bat antolatu nahi izan du, osasun-zerbitzuek eta osasun-politikek alderdi politikoen programetan duten eta, batez ere, azken hauteskunde-kanpainetan izan duten pisu eskasa ikusirik. Eta hori hala gertatzen da estatu-mailan zein euskal gizartean osasun-sistemaren gaineko kezka handitu den arren, azterlan ofizialek eta iritzi-inkestek erakusten dutenez. Gogorarazi behar da ekonomia-krisiak eta haren aurreko erantzun politikoek ondorio nabarmenak izan dituztela gure inguruneko osasun-sistemetan, hala nola murrizketak, pribatizazioak edo desparekotasunak osasun-arreta eskuratzerakoan. GGKEak mahai-inguru honekin lortu nahi duen helburua da alderdi politikoek osasun-politikaren arloan egiten dituzten proposamenak ezagutaraztea. Horregatik, ondoren, medicusmundik agiri bat zabalduko du, alderdi bakoitzak eztabaidan zehaztutako konpromisoak jasota. Horren guztiaren xedea da euskal herritarrek botoa emateko eskubidea modu informatuagoan erabili ahal izan dezaten eta Euskadiko eztabaida politikoan osasun-sistema publiko, unibertsal eta kalitatedun baten defentsak protagonismo handiagoa izan dezan. Hain zuzen ere, irailaren 19ko eztabaida bideratuko duten ardatzak funtsezko bi gai izango dira batez ere: osasuna eskuratzeko aukeran dauden desparekotasunak eta osasun-sistemaren pribatizazioa. Bi gai horiek, frogatuta geratu denez, funtsezkoak izan dira EAEn osasun-sistema erabiltzeko aukera ekitatiboa egotea bermatzeko. Mahai-ingurua medicusmundiren Euskadiko hiru elkarteak buru dituen proiektu baten barruan dago: “ OSASUN PUBLIKO ETA UNIBERTSALAREN ALDE. INEQUIDADES EN EL ACCESO A LA SALUD”. Ekimen horren barruan, GGKE hauek, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan, azterlana egiten ari dira, beste jarduera batzuen artean, euskal osasun sistemaren pribatizazio-prozesuak eta sistema hori erabiltzean egoten diren desparekotasunak deskribatzeko xedez.