Osasuna ez da joko bat. Hala ere, zoriak badu zer esan handia zenbat urte biziko garen determinatzean. Izan ere, bizi garen auzoa edo tokia eta, azken batean, jaiotzeko edo bizitzeko egokitu zaigun posta-kodeak gure bizi-itxaropena baldintzatzen du. Hainbat faktore dira horren arrazoia, hala nola hezkuntza, ogibidea, diru-sarrerak, aisia-eredua, kutsadura-maila, eta elikadura; horiek guztiak dira gure bizi-itxaropena –neurri batean, behintzat– definitzen dituzten determinatzaile sozialak. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aitortzen duenez, elementu horiek guztiek badute zuzeneko inpaktu bat pertsonen osasunean.