Xedea, ikuspegia, balioak eta printzipioak
Lan egiten dugu osasunerako eskubidea mundu guztian egia izan dadin eta osasun-arrakala areagotzen duten desparekotasunak murritz daitezen.
Gure xedea
medicusmundiren xedea da gizartean aldaketak sortzen laguntzea, herritarren elkartasun- eta konpromiso-kultura sustatuz, pobrezia desagertzea posible egiteko eta osasuna pertsona guztiek eskuragarri duten eskubide bat izateko.
Xedeak, batetik, antolakundearen eskarmentu historikoa biltzen du, eta, bestetik, munduaren gaineko egungo ikuskerari nahiz mundu horretan aurrera eraman nahi dugun rolari erantzuten die. Etorkizunari begirako ikuspegi bat eta bidean helmugatzat ezarritako joera-multzo bat aditzera ematen ditu.
Gure ikuspegia
medicusmundi osatzen dugunok pertsona guztientzako osasunerako eskubidea aldarrikatzen dugu, eta gure borondatea adierazten dugu planetako komunitate eta herri pobretuenek beren garapena sustatzeko egiten duten ahaleginean laguntzeko, osasunaren dimentsio unibertsal eta ekitatiboa bereziki aintzat harturik.
medicusmundiren iritziz, osasunerako eskubidearen barruan, osasuna artatzea ez ezik (behar denean eta behar bezala), osasunean eragina duten faktore nagusiak ere sartzen dira, hala nola ingurumena, edateko ur garbia eta egoera sanitario egokiak izatea, behar bezalako elikadura eta etxebizitzak, lan-baldintza duinak, eta hezkuntza zein informazioa izateko aukera osasun-arloko gaiei dagokienez, sexu- eta ugalketa-osasuna barne, eta hori guztia bake-giroan.
Uste dugu bildu ditugun esperientziak eta ezaguerak bide ematen digutela osasunerako eskubidetik bazterturiko pertsona-kopurua gutxitzeko, eta lan egin behar dugula pertsona guztiek boterea eta erabakiak hartzeko ahalmena duten erakundeetan sarbidea izateko, gure eguneroko bizitzetan eragina duten deliberazioetan denok parte hartu ahal izan dezagun.
Badakigu munduan badela aski ezaguera eta baliabide –baliabide teknologikoak, ekonomikoak zein giza baliabideak– planetako biztanleei osasun ona eta bizi-baldintza duinak emateko, Eta hori lortzeko, osasun-sistema publikoak, unibertsalak eta lehen mailako arretan oinarrituak sendotzearen aldeko apustua egin behar dugu.
medicusmundi osatzen dugunok mundu bidezkoago batean bizitzeko nahia dugu, gizarte-egoera ahulean edo bazterturik egonda edo talde kaltebera izanda, osasunerako aukerarik ez izateagatik hilkortasun- eta gaixotasun-zama askoz handiagoa jasaten duen talderik gabeko mundu batean.
Gure balioak
medicusmundik balio-multzo bat dauka inspirazio-sorburutzat, elkartasun-erakunde baten ezaugarriak ematen dizkiona eta haren helburu eta jardueretan eragiten duena:
Parte-hartzea: medicusmundik berdintasunezko lankidetza-harremanak eratzen ditu, elkarrenganako konfiantzan eta errespetuan oinarriturikoak.
Independentzia: medicusmundi ez dago inongo talde politiko edo ekonomikoren mende, ez eta inongo erlijio-konfesioren mende ere. Haren jarduerak erakunde eta entitate finantzatzaileekiko independentzian oinarritzen dira.
Prestutasuna: printzipio eta metodoetan aplikaturiko zintzotasunak eta gardentasunak zuzentzen dute lana eta eratzen dute erakundea eraikitzen duen sinesgarritasuna, egunez egun.
-
Profesionaltasuna: konpromiso eta jardueretan erabilitako seriotasunari eta zorroztasunari esker, espezializazio profesional eta geografikoan oinarriturik, erantzuna eman ahal zaie egoera ahuleneko populazioen beharrizanei eraginkortasunez, eragimenez eta kalitatez.
-
Pluraltasuna: harremanak batzuen eta besteen jarrera politiko, erlijioso eta filosofikoekiko errespetuan oinarritzen dira; esperientzia, kultura eta iritzien aniztasuna mesedegarria da alternatibak bilatzean.
-
Elkartasuna: mundu bidezkoagoa sortzeko beharraren agerpena, non herritar arduratsuek, eraldaketa soziala xedetzat harturik, gizarte pobretuenen bizi-baldintzak hobetzea eta pertsonen zein herrien eskubideak erabat erabili ahal izatea lortzen duten.
Gure printzipioak
medicusmundik pobreziaren aurkako borrokan egiten duen lanak honako printzipio hauek ditu oinarri:
-
Gizakia jarri behar da, banaka nahiz gizarte barruan aintzat hartuta, garapen-prozesuaren erdigunean.
-
Garapena pertsonen gaitasunak eta aukerak zabaltzeko prozesutzat hartu behar da, egoera ahulenean eta pobretuen dauden sektoreenak bereziki.
-
Garapenerako lankidetzako jardueraren oinarria guztioi dagokigun betebehar bat da, alegia, eskubideak errealitate bihurtzeko betebeharra, garapenerako eskubidea barne; izan ere, nazioarteko komunitateak gizakiaren tasun hautsezintzat jo ditu eskubideok.
-
Garapena herri bakoitzarena da, eta berak izan behar du hartzaile eta protagonista aldaketa-prozesuetan.
-
Garapenerako lankidetzako jarduerak elkartasunaren, justizia sozial handiagoaren bilaketaren, eta pertsona guztien eskubide-berdintasunaren aldeko borrokaren agerpena dira.